Arabako ESIko Krosaren XIV. edizioak arrakasta handia izan du parte hartze errekorrarekin

Emakumezkoen partaidetza nabarmenarekin eta lehiaketan parte hartzen duten atleta berriekin, ekitaldiak indarra hartzen jarraitzen du Arabako ESIan

Joan den maiatzaren 24an, Arabako ESIak arrakasta handiz ospatu zuen bere Kros tradizionalaren XIV. edizioa, gogo biziak eta kirol espirituak markatutako jardunaldi batean. Oraingo honetan, 44 korrikalari elkartu ziren, antolakuntzako hainbat zentro eta zerbitzutatik etorriak, lehiaketaz gozatzeko Zabalganako basoaren ingurune naturalean. Emakumezkoen presentzia 25 korrikalarirekin nabarmendu zen, gizonezkoen 19 atletekin alderatuta. Bestalde, 15 parte hartzailek debuta egin zuten proban osasun arloan gero eta interes handiagoa sortzen duen ekintza dela sendotuz .

Emakumezkoen kategorian, Andrea Holgado, Bloke Kirurgikoko erizaina izan zen irabazlea, bigarren postua Nerea Martínez de Osaba, Ipar-Zuiako erizainarentzat izan zen, eta hirugarrena iristen Amaia Cortés, AUOko Txagorritxuko fisioterapeuta izan zen. Gizonezkoen kategorian, berriz, Ibon Garro Santiagoko AUOko fisioterapeutak lortu zuen lehen postua, ondoren, Agustin Jimenez, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko goi mailako teknikariak eraman zuen bigarren saria,  eta hirugarren postua Ibai Aostri Bloke Kirurgikoko erizainarentzat izan zen.

Ekitaldiaren segurtasuna Iñaki Blancok eta Clemente Alcaldek bermatu zuten, bizikletaz egin baitzuten zirkuitua, korrikalarien ongizatea zainduz. Jardunaldiak, urtero bezala, Alfredo Blasko argazkilariaren begirada izan zuen, bere kamerarekin lasterketako unerik nabarmenenak harrapatu baitzituen.

Goizari amaiera emateko, garaikurrak banatu ziren, eta, ondoren, merezitako hamaiketakoa egin zen Gasteizko Zuatzuko eskola zaharraren instalazioetan. Bertan izandako harrera atseginak lagundu zuen aurtengo edizioaren arrakastan.

Parte hartzaileak poztasun handiz azaldu ziren, Arabako ESIak antolatutako Krosa urteroko ezinbesteko hitzordu gisa sendotzen ari den seinale.