Arabako ESIko Neurologiako eta Iktusaren Unitateko taldea sarituta Euskadiko Erizaintza Neurologikoaren I. Jardunaldian

Prozedura endobaskularrak dituzten pazienteen konplikazioen baheketari buruzko ikerketa baten bidez lortu dute saria

Joan den otsailaren 6an Euskadiko Erizaintza Neurologikoaren I. Jardunaldia egin zen Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, Erizaintza Neurologikoaren Espainiako Elkarteak (SEDENE) Osakidetzarekin lankidetzan bultzatutako topaketa zientifikoa. Hitzordu horretan Euskadi osoko profesionalak bildu ziren abangoardiako ezagutzak trukatzeko eta zaintza neurologikoen bikaintasun klinikoan sakontzeko, "Uniendo fuerzas hacia la excelencia en el cuidado neurológico" lelopean.

Jardunaldian zehar hainbat aditu-mahai egin ziren, eta, bertan, migraina, Parkinson-a, epilepsia, esklerosi anizkoitza, dementziak eta iktusa bezalako patologietan erizaintzak duen rola aztertu zen. Era berean, topaketak eragin asistentzial handiko zeharkako eremuetan sakondu zuen, besteak beste, neurorrehabilitazioan, aurretiazko borondateetan eta zainketen humanizazioan. Saioei esker, sektorearen oraingo eta etorkizuneko erronkak identifikatu ahal izan ziren, berrikuntzan, ikerketan, lidergo profesionalean eta pertsonarengan eta gizarte- eta familia-ingurunean oinarritutako arreta-eredu batean fokua jarriz.

Arabako ESIak presentzia aktiboa izan zuen jardunaldiko programa zientifikoan. Neurologia Zerbitzuak mahai tematikoetako baten moderazioa onartu zuen, eta Zainketa Aringarrien taldeak, berriz, "Decidir con antelación y cuidar con sentido: voluntades anticipadas en las personas con ELA" hitzaldia aurkeztu zuen. Komunikazio zientifikoen atalean, Neurologiako eta Iktusaren Unitateko lantaldeak bi ikerketa-lan aurkeztu zituen, eta poster onenaren saria lortu zuen "Cribado de complicaciones en pacientes neurológicos sometidos a procedimientos endovasculares" azterlanagatik. Neurologia Zerbitzuko eta Iktusaren Unitateko erizaintza-taldeak egin du lan hori: Amaia Gómez de Balugera, Borja Díaz de Garayo, Beatriz Soraya Isidro, Ane Sagredo Ruiz, Marta Flores Martínez eta M.ª Cristina López de Robles Landak.

Azterlan hori Donostiako Unibertsitate Ospitalea buru duen Estatuko proiektu multizentriko batean integratuta dago, eta agerian uzten du erizaintzak zer eginkizun duen prozedura endobaskularrak dituzten pazienteen konplikazioak goiz detektatzeko. Era berean, protokolo sistematizatuak eta etengabeko prestakuntzako programak ezartzearen garrantzia nabarmentzen du, gaitasun profesionalak indartzeko eta pazienteen segurtasun eta asistentzia-kalitate ahalik eta handiena bermatzeko. Arabako ESIko profesionalek lortutako parte-hartzeak eta aintzatespenak indartu egiten dute erakundeak eguneratze zientifikoarekin eta herritarrei emandako zerbitzuen etengabeko hobekuntzarekin duen konpromisoa.