Arabako ESIko osasun-zentroek emakumeen aurkako indarkeriaren aurka duten konpromisoa indartu dute

"Entzuten duen auzoa, babesten duen auzoa" lelopean, Lehen Mailako Arretak emakumeen aurkako indarkeriari buruz sentsibilizatzeko eta eskura dauden baliabideak ezagutarazteko komunitate-ekintzak sustatu ditu
Azaroaren 25ean urtero ospatzen den Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Arabako ESIko Lehen Mailako Arretako zentroek sentsibilizaziorako eta komunitatearen parte-hartzea sustatzeko hainbat jarduera egiten ari dira egunotan, "Entzuten duen auzoa, babesten duen auzoa" lelopean. Landa-eremuetan, ekimena "Entzuten duen herria, babesten duen herria" garatzen ari da, osasun-zentroak emakumeentzako gune hurbilak, irisgarriak eta seguruak direla azpimarratzeko; izan ere, bertan laguntza, orientazioa eta bidelaguntza aurki ditzakete.
Aste honetan zehar, parte hartzen duten osasun-zentroetako sarrera nagusietan Ate Moreak jartzen ari dira. Ekintza sinboliko horren helburua da Lehen Mailako Arretak emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean duen konpromisoa agerian uztea. Horrez gain, kontsultetan informazio-kartelak jarri dira, eta Azaroaren 25eko Gune Moreak prestatu dira; bertan, laguntza-baliabideei, alerta-seinaleei eta indarkeria-egoeran egon daitezkeen emakumeei arreta emateko baliabideei buruzko informazioa eskaintzen da.
Ekimenak, halaber, txikitatik berdintasuna, errespetua eta tratu onak sustatzea helburu duten jarduerak biltzen ditu. Horretarako, Pediatriako eremuetan neska-mutilek egindako marrazki eta mezuetan oinarritutako horma-irudi parte-hartzaileak jarri dira. Era berean, bai profesionalei bai herritarrei zuzendutako jarduera irekiak antolatu dira, laguntza-sare baten beharra duten emakumeei babesa eta bidelaguntza adierazteko mezuak jasotzeko.
Proposamen honen alderdirik azpimarragarrienetako bat izan da Komunitate Osasuneko Sareetan parte hartzen duten Lehen Mailako Arretako profesionalei eta Lehen Mailako Arretako Unitateetako emakumeen aurkako indarkeriaren erreferenteen zein erreferente komunitarioen inplikazioa. Lankidetza horri esker, ekimenak osasun-esparrua gainditu du eta komunitate-inguruneko eragile askoren parte-hartzea bereganatu du.

Hainbat auzotako gizarte-etxeek, Bizan zentroek, farmaziek, merkataritza-establezimenduek eta elkarteek bat egin dute kanpainarekin. Lakua-Arriaga, Gazalbide edo Koroatzea bezalako auzoetan, Ate Moreak beste hainbat komunitate-gunetan ere ikus daitezke; horrela, mezuaren zabalkundea handitu eta errealitate horren aurrean erantzun kolektiboa sustatzen da.
Gainera, aste honetan egiten diren komunitate-jarduera askok Azaroaren 25ari lotutako edukiak txertatu dituzte. Horien artean daude Ibaiondo eta Iparraldeko ibilaldi komunitarioak, osasun-zentroetan kokatutako gune moreetan barrena egiten diren ibilbideak barne hartzen dituztenak, baita Lakua-Arriagan Emakumeen Etxearekin elkarlanean antolatutako jarduera bat ere.
Bestalde, ekimen honek prebentzioa, hurbiltasuna eta komunitatearen parte-hartzea sustatzen dituzten lan-ildoetako batzuk indartzen ditu; izan ere, alderdi horiek guztiak Euskadiko Osasun Itunaren esparruan landu eta sustatutako hausnarketen eta adostasunen parte dira.
Eragile horien guztien parte-hartzeak erakusten du entzuten duen komunitate batek babesten duen komunitate ere izan daitekeela. Osasun-profesionalen, herritarren, udal-baliabideen, elkarteen, farmazien eta merkataritza-establezimenduen inplikazioak pertsonen ongizatearekin konprometitutako ingurune seguruagoak eta hurbilagoak eraikitzen laguntzen du, emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa, garaizko detekzioa eta biktima diren emakumeei ematen zaien bidelaguntza indartuz.






















