Arabako ESIko Zain Barneko Terapia Taldeak eta Bioaraba OIIko ikerketa-taldeak Arabako Erizainen Elkargo Ofizialaren Erizaintzako Ikerketa Saria irabazi du

Proiektu irabazlea "Lesiones dérmicas asociadas a catéteres centrales de inserción periférica PICC, estudio descriptivo" da

Joan den azaroan, Arabako ESIko Zain Barneko Terapia Taldeak eta Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuko ikerketa-taldeak lehen saria lortu zuen Arabako Erizainen Elkargo Ofizialaren Erizaintzako Ikerketa Sarien deialdian, “Lesiones dérmicas asociadas a catéteres centrales de inserción periférica PICC, estudio descriptivo” proiektuarengatik.

Gai horri buruzko lan gutxi argitaratu dira, eta, beraz, azterlan aitzindaria da arlo horretan; izan ere, larruazalaren zaintza bigarren maila batean geratzen da askotan, nahiz eta konplikazio horrek eragin handia izan sarbide baskularreko gailuak dituen pazientearen erosotasunean.

Lesiones dérmicas asociadas a catéteres centrales de inserción periférica PICC, estudio descriptivo

Zain Barneko Terapia Taldea 2021eko ekainean hasi zen MARSIren (Medical Adhesive Related Skin Injury) inguruko ikerketa-lerro hori hedatzen, Arabako ESIn eta Bioaraba OIIn sarbide baskularrean garatzen duen ikerketa-jarduera dela eta.

MARSI terminoa nahiko berria da, eta erabilera sanitarioko itsasgarriei lotutako lesio dermikoei egiten die erreferentzia. Gehienetan, zainetako gailuak finkatzeko erabiltzen diren aposituak modu desegokian erabiltzeagatik edo kentzeagatik izaten da, eta, besteak beste, epidermisaren askatzea, tentsioagatiko fliktenak edo larruazalaren urradurak eragiten ditu. Lesio horietako batzuk saihestezinak diren osasun-ekintzen bigarren mailakoak dira, eta beharrezkotzat jotzen direnez, azpibaloratzen dira; beraz, batzuetan tratatu gabe geratzen dira.

Ikerketa hau egiteko, Eguneko Ospitale Onkohematologikoko hainbat erizain gehitu zaizkio ikerketa-taldeari, paziente onkohematologikoen iraupen luzeko kateterrek eragindako larruazaleko lesioen prebalentzia ezagutzeko helburuarekin. Gainera, MARSI motak eta horien agerpena errazten duten arrisku-faktoreak identifikatu nahi dituzte.

Ikerketa datuak biltzeko fasean dago une honetan, eta arlo horretan ekoizpen zientifikoa sortzen, arriskua duten pazienteak identifikatzen eta prebentzio-estrategiak zehazten lagunduko du.