Bioarabak herritarrak eta profesionalak bildu ditu medikamentuen preskripzio jasangarriari eta ingurumen-inpaktuari buruz hausnartzeko
Herritarrek eta profesionalek botiken erabilera arduratsuari eta preskripzio berde baterantz aurrera egiteko beharrari buruzko gogoetak partekatu zituzten
Joan den abenduaren 2an, Bioaraba Osasun Ikerketako Institutuak (OII) topaketa bat antolatu zuen herritarrekin Europa Biltzar Jauregian, «Misión posible: prescripción sostenible» lelopean.
Ignacio Garitanok, OII Bioarabaren zuzendaritza zientifikoaren ondokoak, eman zion hasiera bilerari, Jon Armentia, Gasteizko Udaleko bigarren alkateordearekin batera. Medikamentuek ingurumenean duten eragina ezagutzeko eta preskripzio berdea deiturikoaren bidean aurrera egiteko medikazioarekin lotutako eguneroko praktikak hobetzeko beharraz hausnartzeko interesa agertu zuen jende ugari bildu zen ekitaldian.
Jardunaldian, hainbat arlotako profesionalek hartu zuten parte, guztiak ere osasunari eta inguruneari mesede egingo dioten ohitura berriak hartzearen garrantziaz konbentzituta. Ponentziak honako hauek eman zituzten:
• Unax Lertxundi, Farmaziako doktorea, «La cara B de los medicamentos: su impacto ambiental» hitzaldiarekin.
• Bruno González-Zorn, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko katedraduna eta antibiotikoekiko erresistentziarako OMEko aholkularia, «La resistencia a antimicrobianos: la pandemia silenciosa» mintzaldiarekin.
• Blanca de la Nogal, ospitaleko farmazialaria, «Uso responsable del medicamento: cómo mantener correctamente un botiquín domiciliario» interbentzioarekin.
• Mikel Tous, EHUko Jarduera Fisikoan eta Kirolean doktorea, eta Nagore Iriarte, Arabako Osasun Mentaleko Sareko psikiatra. Biek batera «Prescripción verde: el poder del ejercicio físico en la enfermedad mental» aurkeztu zuten.
Andres Canut, Arabako ESIko mikrobiologo kliniko, Bioarabako ikertzaile eta Medikuntzan doktoreak, saio interaktiboa dinamizatu zuen, herritarren galderei erantzunez.
Bukatzeko, ondorioak Gorka Orivek, Farmazian doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko katedradunak eman zituen preskripzio iraunkorraz jabetzeko beharra azpimarratuz.
Topaketa horren bidez, Bioarabak berretsi egiten du kultura zientifiko irekia, parte-hartzailea eta hurbila sustatzen duten ekimenak bultzatzeko konpromisoa.












