DOA, osasunaren aldeko boluntarioak

Bokazio sanitarioa duen GKE bat da DOA Denok Osasunaren Alde. Donostian eratu zuten, 2002an, osasun-sektorearekin zerikusia duten boluntarioek.

Elkartasun espirituak bultzatuta, honetan zentratu ziren: Guatemalan eta Bolivian baliabiderik ez duen jendeari atentzio kirurgikoa ematen, pertsonal sanitarioari prestakuntza ematen eta emakumeei eta indigenei atentzio integrala ematen.

Hamahiru urte eman ditu horretan, eta 2.000 boluntario baino gehiago igorri ditu herrialde horietara. 18.000 paziente atenditu dituzte, eta 6.000 interbentzio kirurgiko egin, beste hainbeste tratamendu odontologiko eman, eta 4.000 ekografia eta ikerketa erradiologiko baino gehiago egin.

DOAk eskolak eraiki ditu Guatemalan eta Bolivian, baita 96 oheko ospitalizazio-pabiloi bat eta 24 oheko beste kirofanodun bat ere. Gainera, ludotekak ezarri ditu, liburutegiak, heziketa bereziko eskolak eta abar.

Erakunde horrek egiten duen lana oso azpimarragarria da, eta gure ospitaleak hogei bat boluntario ditu. Horietako askok oporretatik hartzen dituzte hiru aste horrelako laguntza humanitarioa emateko.

'Osaraba' aldizkariaren hurrengo aleetan, beste GKE batzuen berri emango dugu.