Euskadik bere historiako osasun-prestakuntza espezializatuko egoiliarren eskaintzarik handiena lortu du

Ikastaro honek 453 plaza eskaintzen ditu, duela 6 urte baino % 50 gehiago. Hortaz, ia 1.500 dira Euskadin prestatzen ari diren profesionalak, eta mila bat tutorek parte hartzen dute bertan

Lehendakariaren ustez, azken urteetan Euskadiko irakaskuntza-ahalmenari emandako bultzada etorkizuneko inbertsiorik onena da

2019-2020 ikasturterako Euskadiko osasun-prestakuntza espezializatuko egoiliarren eskaintza “gure historiako handiena izan da”, guztira 453 plazakoa. Hala jakinarazi du gaur goizean Iñigo Urkullu lehendakariak, Nekane Murga Osasuneko sailburuarekin batera Lakuabizkarrako Osasun Zentroan Medikuntza, Erizaintza, Farmazia eta Psikologiako hamabost bat egoiliarrekin eta haien prestakuntzaren arduradunekin egindako bileraren ondoren.

Lehendakariak berak gogorarazi du azken urteetan, espezialitate jakin batzuetan belaunaldien arteko errelebo-beharrei erantzuteko, Euskadik akreditazioari sekulako bultzada ematea lortu duela eta bertako irakaskuntza-ahalmena nabarmen handitu dela. Hala, 2014-2015 ikasturteko 307 plazei dagokienez, eskaintza ia % 50 handitu da sei ikasturte horietan.

Iñigo Urkulluk nabarmendu duenez, lehen mailako arretan islatzen da gorakada hori, eta laguntza-maila hori indartzeko ahalegin handiak egiten ari da Eusko Jaurlaritza egungo erronka demografikoei aurre egin ahal izateko. Izan ere, esparru horretan, eskainitako 453 plazen laurdenak (109) Familia eta Komunitate Medikuntzako medikuentzat izango dira. Era berean, erizaintzako plazek ere gora egin dute, pediatriako medikuen kasuan bezala. Gainera, ez da ahaztu erizaintzako espezialitateak prestakuntzan txertatzeko apustua, % 20ko igoera egon baita iaz eskainitakoarekiko.

Lehendakariak berak azpimarratu du gure herrialdeko osasun-prestakuntza espezializatuaren osasun ona agerian geratzen dela, ez soilik kuantitatiboki, baita kalitate-adierazleen argitan ere. Horien artean, Osakidetzaren ikastetxeek eta irakaskuntza-unitateek Estatu osoan duten onarpen-maila handia dago, destinoa aukeratzeko orduan egoiliarrek duten lehentasun-mailari dagokionez. 2019an, BAME proban lehen 50etik 9k plazaren bat aukeratu dute Euskadin prestatzeko. Kopuru hori indize demografikoen arabera legokiokeena baino askoz handiagoa da. Atal horretan, halaber, Familia eta Komunitate Medikuntzako espezialitateetako erakarpen-maila handia nabarmentzen da.

Iñigo Urkulluk esan du irakaskuntza-ahalmena indartzeko ahalegin hori dela inbertsiorik onena, kontuan hartuta etorkizuneko osasuna eta sanitatea Euskadiko 16 ikastetxe edo irakaskuntza-unitateetan gaur egun prestatzen ari diren 1.500 profesional ingururen eskuetan egongo dela, horietan mila bat tutorek laguntzen baitute. Osasun Sailak 60 milioi euro inguru bideratzen ditu etorkizuneko profesional espezializatuak hezten. Hain zuzen, lehendakariak eskerrak eman dizkie osasun-prestakuntza espezializatuan parte hartzen duten profesional guztiei egiten duten lan bikainagatik.