Gasteizko Udalak eta Osakidetzak Zabalganan eta Salburuan abian jarritako ‘Errezeta gizarte-etxea’ programa 2025eko Berrikuntza Politikoaren Europako Sarietako finalista da

Auzo bakoitzeko gizarte-etxeen eta osasun zentroen arteko lankidetza estuan oinarritutako Udalaren eta Osakidetzaren ekimenak bi urte bete berri ditu

Europa osoko mila bat lagunek osatutako epaimahai herritar batek proiektua “beharrezkoa eta berritzailea” izatea baloratu du

Irailaren 17an jakinaraziko dira Vienan kategoria bakoitzeko sariak

Gasteizko Udalak eta Osakidetzak Zabalganan (2023ko maiatza) eta Salburuan (2024ko martxoa) abian jarritako ‘Errezeta gizarte-etxea’ programa zorioneko da, 2025eko Berrikuntza Politikoaren Europako Sari ospetsuetan finalista aukeratu dute-eta. Europa osoko mila bat pertsonak osatutako Epaimahai herritar independenteak azken fasera igarotzeko aukeratu du auzo bakoitzeko gizarte-etxeen eta osasun zentroen arteko lankidetza estuan oinarritutako ekimena. Sariak irailaren 17an Vienako udaletxean egingo den gala berezian ezagutu eta banatuko dira.

The Innovation in Politics Awards 2025 erakundeak pertsonen bizitzan eragin positiboa daukaten eta demokrazia indartzen duten proiektu publiko berritzaileak azpimarratzen ditu. Zortzi kategoria daude, eta ‘Errezeta gizarte-etxea’ programa Osasun publikoa eta zahartze aktiboa izenekoaren barruan dago. Herritarren epaimahaikide izan diren eta kontinenteko aniztasuna ordezkatu duten mila pertsonek berrikuntza- eta eragin-irizpideetan oinarrituta eman dituzte botoak aurten sarietara aurkeztu diren 300 ekimen ingururen artean. Nabarmentzekoa da epaimahaikideek ez dituztela beren herrialdeko proiektuak ebaluatzen, hautaketa-sistemaren independentzia eta neutraltasuna bermatzeko.

Sariok The European Capital of Democracy eta The Innovation in Politics Institute erakundeen baterako ekimena dira. Sustatzaileen hitzetan, ‘Errezeta gizarte-etxea’ “proiektu beharrezkoa eta berritzailea da, eta Europako beste leku batzuetan aldaketa positiboak eragiteko ahalmena du”. Erakundearen interesa ez da soilik zenbait aintzatespen ematea, dagoeneko testatuta dauden jardunbide sortzaile eta abangoardista egokien gordailu handiena eskaintzea baizik, erronka komunei aurre egiteko Europa mailako elkarlaneko ikaskuntza plataforma. (Innovation in Politics Showroom).

The European Capital of Democracy gobernuz kanpoko nazioarteko erakundea da, independentea eta atxikipen politikorik gabea. 25 herrialdetan du ordezkaritza, eta berrikuntza politikoko proiektuak identifikatzen eta bultzatzen ditu, Europako demokrazia hobetzeko eta indartzeko. Aurten Vienari dagokio hiriburua izatea eta, horregatik, bertako Udaletxeak hartuko du aurtengo sari-banaketa ekitaldia.

Gaur goizean jakinarazi da Gasteizko ekimenak sarien finalerako txartela lortu duela, eta ekitaldi horretan izan dira Miren Fernández de Landa, Gobernu Irekiko eta Gizarte-etxeetako zinegotzia; Estibaliz Gómez, Zabalganako osasun zentroko Familia eta Komunitate Arretako Osakidetzako medikua; eta David Leal García, Espainiako Berrikuntza Politikorako Institutuko ordezkaria.

David Lealek azaldu duenez, aurten zortzigarren edizioa duten The Innovation in Politics Awards sariek “gure gizarteen erronkei modu berritzailean heltzen dieten eta egungo erronkei aurre egiteko aldaketa positiboak bultzatzen dituzten Europa osoko lider politiko eta sozial ausarten lana” aintzatesten dute. “Beste batzuk soluzio berritzaileen adibide horiek jarraitzera animatuko dituen domino-efektua sortzea dugu helburu”. 2017tik, 30 herrialdetik gorako 5.000 proiektu baino gehiago aurkeztu dira, 500 finalista baino gehiago izan dira, eta Europako 7.000 pertsona baino gehiagok hartu dute parte Europako jardunbide egokien plataforma handienetakoa den horretan. Betiere, gizartearen ongizaterako baliagarriak diren ideiak eta esperientziak bateratzeko asmoz.

Lealek nabarmendu duenez, ‘Errezeta gizarte-etxea’ proiektuak soluzio eredugarria eskaintzen du lehen mailako arretako zentroak bizitza osasungarriaren sustatzaile izan daitezen, gaixotasunak sendatzeaz gain, pertsonei beren osasun potentzial handiena lortzen ere laguntzen baitiete, ohitura eta bizi ingurune osasungarriak sustatuz. “Osasun arloko profesionalek eta gizarte-etxeetako langileek ‘errezetaren’ bidez duten lankidetza eta ongizate puntuen figura berritzailea osagarri ezin hobeak dira bizitzan zehar elikadura, ariketa fisikoa eta kirola, ongizate emozionala eta soziala eta bizimodu aktiboa hobetzeko. Erakundea oso pozik agertu da osasunaren inguruko parte-hartze politiketan ere erreferente argia den Gasteizko Udala Vienako sarien galan dagoelako”, adierazi du.

2025ean, Europako 22 herrialdetatik etorritako 300 proiektu inguru aurkeztu dira. Guztien artetik 40 Espainiako Estatukoak ziren, eta horietatik 8 Euskadikoak. Aukeratutako 80 finalistetatik 14 Espainiakoak dira, eta horietatik 4 Euskadikoak. 2024an Espainiako Estatuko administrazio publikoen 13 proiektu aurkeztu ziren, eta bat saritu zuten. Edizio honetan, proiektu finalistek, hala nola ‘Errezeta gizarte-etxea’ programak, irailean Austriako hiriburuan egingo den hitzaldi eta gala batean jasoko dute omenaldia. Politika eta enpresa arloetako liderrek, fundazioek eta herritarrek parte hartuko duten galan, alegia.

Bestalde, Miren Fernández de Landa gizarte-etxeetako zinegotzi arduradunak gogorarazi du Zabalganan eta Salburuan gauzatzen ari den ekimena arrakastatsua izaten ari dela. Bi gizarte-etxe horietara 150 pertsona joan dira, beren osasun-zentroetako lehen mailako arretako langileek animatuta, eta ongizate-puntuetan informazioa eta aholkuak jaso ondoren, beren osasun fisikoa eta mentala hobetzeko jarduerak aukeratu eta hasi dituzte. “Adibide gisa, emozioak kudeatzeko saioen bidez, depresioa edo antsietatea duten pazienteen tratamendu farmakologikoa murriztea lortu da”, adierazi du. “Kontuan izan behar da osasun arazoek batzuetan ez dutela jatorri sanitarioa soilik, baita soziala ere, eta arlo horretan ere lan garrantzitsua egiten dugu gure gizarte-etxe sarean”, gaineratu du.

Pertsona horiek gizarte-etxera zergatik iristen diren aztertuta, Fernandez de Landak adierazi du bakardade- eta antsietate-arazoak, elikadura desegokiaren ondoriozkoak edo ariketa falta direla nagusiak. Deigarria da, halaber, bertaratzen diren pertsonen artean profil nagusi bat dagoela: erdia baino gehiago 40 eta 60 urte bitarteko emakumeak dira. Horietako askok ez dute ezagutzen 14 gizarte-etxeek osatutako sarean egiten den jarduera sorta handia.

Estibaliz Gómez Osakidetzako osasun-zentroan ekimena sustatu duen medikuak azaldu duenez, “ideia formatu fisikoko gomendioekin gizarte-etxera bideratzeko zirkuitua ezartzeko beharretik sortu da”. Gainera, jakinarazi duenez, “gizarte-etxearen eta osasun zentroaren arteko lankidetzarako proiektu horrek gure biztanleen osasun beharrak ongizate fisiko, emozional eta sozialaren hobekuntzan eragiten duten baliabide komunitarioekin koordinatzeko aukera eman du”. Oso erraza da, medikuek edo erizainek, baina baita fisioterapiako edo osasun mentaleko langileek ere, beren pazienteei gizarte-etxera joatea “agintzen” diete, eta horrekin batera errezeta bat ematen zaie –lehen botikak agintzeko erabiltzen zirenen antzekoa–. Errezeta horretan pertsona bakoitzari gehien komeni zaizkion jarduerak edo arloak adierazten dira: ariketa fisikoa, ongizate emozionala, elikadura, kultura edo topaketa.

Zabalganako eta Salburuako bi urteko esperientzian, errezetarekin joan diren 150 pertsonez gain, beste ehun bat osasun-zentroak gomendatutako jarduera zehatzak egitera joan dira gizarte-etxeetara. Horiei guztiei, osasun zentroko langileen aurretik pasatu gabe bi instalazioetan dauden informazio panelek erakarrita ongizate puntuetara hurbildu diren pertsonak gehitu behar zaizkie. Balorazio orokorra oso ona da, eta parte hartzen duten pertsonek asko eskertzen dute, hobeto sentitzen direlako eta beren bizitzak hobetu dituztela egiaztatu dutelako.

Errezeta gizarte-etxea’-ri buruzko informazio gehiago udaleko webgunean