Iktusaren Munduko Egunak herritarrak, profesionalak eta elkarteak bildu ditu Arabako ESIan

AUO Santiagoko areto nagusian herritarrei irekitako jardunaldi bat ospatu zen Iktusaren Munduko Eguna zela eta; non prebentzioa, arreta integrala eta pazienteek, familiek eta profesionalek errekuperazio-prozesuan duten eginkizuna ardatz izan ziren

Iktusaren Munduko Eguna zela eta, Arabako ESIak dibulgazio-jardunaldi bat antolatu zuen AUO Santiagoko areto nagusian, osasun-arloko profesionalen, pazienteen eta pazienteen elkarteekin. Helburua gaixotasun horri buruz sentsibilizatzea izan zen, hori baita desgaitasunaren eta heriotza-tasaren kausa nagusietako bat, eta haren detekzio goiztiarrari, berehalako arretari eta errehabilitazio-prozesuari buruzko informazio erabilgarria eskaini zen.

Jardunaldia bi bloketan banatu zen. Goizeko programa iktusaren arretaren lehen urratsetan zentratu zen. Juan Timiraos, Arabako ESIko zuzendari medikoak, eman zion hasiera jardunaldiari. Jarraian, Yolanda Herrero, Iktus Unitateko neurologoak, alarma-zeinuak eta arrisku-faktoreak nola identifikatu azaldu zuen. Elena Folguerak eta Amaia Gómez de Balugerak, zerbitzu bereko erizainek, iktus baten ondoren berehala zaintzeko jarraibideak eskaini zituzten. Margarita Carbajal, Errehabilitazio Zerbitzuko medikuak, eskura dauden aukera terapeutikoak zehaztu zituen, eta Maite Pinedo, logopedak, logopediak hizkuntzaren berreskurapenean eta irenstean duen papera nabarmendu zuen. Fernanda Rivera eta Iñigo Cristobal pazienteen testigantzak ere entzun ziren, eta Daño Cerebral Araba Garuneko Gaitza elkartearen lana aurkeztu zen.

Arratsaldean, Enrique Bárez, Arabako ESIko zuzendari gerenteak, ongietorria eman zuen, asistentzia-jarraitutasunaren garrantzia eta Osakidetzak iktusari arreta integrala emateko duen konpromisoa azpimarratuz. Bere hitzaldian, gaixotasunaren giza dimentsioa eta abordatze enpatiko eta koordinatuaren beharra argitu zuen kasu pertsonalak partekatuz. Jarraian, Jaime Gállego neurologoak parte hartu zuen, errekuperazio-faseko erronka kliniko eta antolamenduzkoei buruz hausnartuz; Raúl Espada, ASCUDEAN elkarteko gizarte-langileak iktusak pazienteen eta familien eguneroko bizitzan duen eragina aztertu zuen; eta Koldo Berganzo, Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendariak, Euskadin iktusa artatzeko ildo estrategikoak aurkeztu zituen. Jardunaldia amaitzeko, mahai-inguru bat egin zen, profesionalen, pazienteen eta erakundeetako ordezkarien artean ikuspegi osagarriak partekatzeko, eta, ondoren, itxiera egin zen, Osakidetzak iktusaren arreta etengabe hobetzeko duen konpromisoa berretsiz.