"Jaurlaritzak aurretiazko borondateak arautzeko dekretua aldatu du, epeak arintzeko"

ETB 2018.05.02

Iñaki Saraleguik, Araba ESIko Etika Asistentzialeko batzordeko presidenteak, aurretiazko borondateei buruz hitz egin du ETB-n.

Aurrerantzean errazagoa izango da norberaren aurretiazko borondateen agiria egitea. Zehazki, osasun zentroetan egin ahal izango da famili medikuaren aholkularitzarekin.

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak aurretiazko borondateen euskal erregistroa arautzen duen dekretua aldatu du, epeak arintzeko eta eskaera gehiagori erantzun ahal izateko. Jon Darpon Osasun sailburuak iragarri duenez, aurrerantzean aurretiazko borondateen dokumentua osasun zentroetan egin ahal izango da familia medikuaren laguntzarekin.

Jon Darpon Osasun sailburuak Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan zehaztu duenez, Eusko Jaurlaritzak Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaren azaroaren 4ko 270/2003 Dekretua aldatu du.

Aurretiazko borondateen dokumentua errazago egin ahal izatea lortu nahi du Jaurlaritzak eta hori lortzeko helburuz aldaketak egin ditu. Gauzak horrela, dokumentua Osakidetzako osasun zentroetan egin ahal izango da familia medikuarekin aholkularitzarekin eta hiru lekukoen formularen bidez (osasun zentroko beste profesional batzuk jardun ahal izango dute).

Aipaturiko dokumentuan funtsezko printzipioak eta osasun eremuan hartu beharreko erabakiak orientatuko dituzten irizpideak adierazi daitezke, besteak beste: bizitzaren amaieran zaintzak non jaso nahi diren edo organoen emaile izateko borondatea; tratamendu eta zaintza batzuen onarpena edo ukapena zer osasun egoeratan nahi den kontuan hartzea; edo ordezkari bat esleitzea, baliozko bitartekari izan dadin, osasun-taldearen aurrean, pazienteak bere borondatea adierazi ezin duen kasuan.

Darponek iragarri duenez, bizi testamentua egiteko hiru modu izango dira: erregistroaren arduradunaren bidez, hiru lurralde-ordezkaritzetako bulegoetan; notario bidez eta osasun zentroetan hiru lekukoen sinaduraren bidez.

Gainera, dokumentuetarako sarbidean ere aldaketak izango dira. Horrela, horietara jotzeko eskubidea –orain arte osasun-langileei eta emaileei beraiei baino ez zitzaien ematen– beraiek izendatutako ordezkariei ere zabalduko zaie.

Euskal Autonomia Erkidegoa da erregistratutako bizi testamentu gehien dituen autonomia erkidegoa, 21.723 guztira, 1.000 biztanleko 9,9 emaile.