Kablerik gabeko lehen taupada-markagailuak arrakastaz inplantatu dira AUOn

AUOko Kardiologia Zerbitzuak inplantatuak ditu kablerik gabeko lehen lau taupada-markagailuak. Bere garaian jakinarazi genuen bezala, AUOko Txagorritxu aitzindari izan da, Espainiako zazpi ospitalerekin batera, teknologia hori erabiltzen. Minimoki inbaditzailea da, eta, gainera, infekzio- eta hematoma-arriskua murrizten du.

Hiru gizoni eta emakume bati inplantatu zaie aparatu hori, 81 eta 88 urte bitartekoak denak. Kontuan hartu behar da joan den maiatzean bukatu zela 60 pazienteren ebaluazio-fasea eta irailean akreditatu zirela aipatutako ospitaleak.

Taupada-markagailu horiek bi gramo pisatzen dute (larruazalpekoak baino hamar aldiz arinagoak dira, beraz), eta zuzenean bihotzean jartzen dira, bena femoralaren bidez sartutako kateter baten bitartez.

Aparatu hori errealitate bihurtu da dagoeneko kardiologian. Ohiko sistemek eragiten dituzten konplikazio gehienak saihesten ditu, eta interbentzioaren denbora eta ezaugarri elektrikoak ohiko inplante batean behar direnen antzekoak dira.

“Gure lehen esperientzia honetan, ez da konplikaziorik izan sarbide femoraletan, eta inplanteak erabat ondo atera dira”, azaldu du José Martínez Ferrer doktoreak, AUOko Kardiologiako Arritmien Unitateko buru klinikoak.