"Landa eremuan konfiantzazko harremana dugu pazienteekin, sarri askotan terapeutikoa bilakatzen dena"

Beatriz Mendoza, bigarrena eskuinetik hasita, Iparraldea-Zuiako LMAren lantaldeko zati batekin batera

Beatriz Mendoza Murgia Osasun Zentroko erizaina eta Iparraldea-Zuiako Lehen Mailako Arreta Unitateko burua da. Elkarrizketa honetan bere eskarmentua kontatzen digu landa eremuko erizain moduan.

Erizaintzako praktikak osasun zentro batean egin ondoren, erizain arabar honek garbi izan zuen bere lanbidea lehen mailako arretan garatu nahi zuela. Bere lehendabiziko destinoak Arabako mendi-aldera eraman zuen. Iparraldea-Zuiako Lehen Mailako Arreta Unitateko (LMAU) lantaldearen partaide da laurogeita hamarreko erdialdetik.

Zeintzuk dira ezberdintasun nabarmenenak hirian edo nekazal eremuan burutzen diren erizaintzako jardueren artean?

Ezberdintasun garrantzitsuena paziente bakoitzarekin eraikitzen dugun harreman pertsonalean dago. Hemen ongi ezagutzen dugu elkar, bata bestearekin konfiantzazko lotura dugu sarri askotan terapeutikoa bilakatzen dena. Landa eremuan lan egiteak ahalbideratzen digu pertsona horien ingurunea, elkarbizitza eta zein familia laguntza duten ezagutzea, eta zainketa indibiduala modu eraginkorrago batean egitea ahalbideratzen digu.

Halaber, gizarte zerbitzuekin ere harremana ezberdina da, hemen estua eta norabide bikoa baita. Paziente bakoitzaren behar izan sozialak lehen eskutik ezagutzen ditugunez, berehala ohartzen gara zaintza falta edo prekarietate egoeran daudenetz.

Zein da Murgiako osasun zentroko pertsona erabiltzailearen profila?

Gure osasun zentroan 0 urtetik hasi eta 100 urte baino gehiago dituzten erabiltzaileak artatzen ditugu.  Kontuan izan behar dugu landa eremu honek herritar erdi urbanoz osatutako populazio handia duela. Soziologikoki, maila ekonomiko altu-ertaina du eta hezkuntza maila ona. Prekarietate txikia dago eta etxebizitza gehienak ongi egokituak daude. Herritarren %20ak 65 urte baino gehiago ditu: orokorki horiek dira landatarrenak, ingurunearekin harreman handia dutenak eta tradizio handiena duten etxeko lanak egiten dituenak urteetan oso aurrera joan arte, ondorioz jarduera eta presentzia sozial handikoak dira.

Zein zailtasun dituzue nekazal eremuan zuon eguneroko lanetan?

Zailtasun handiena dispertsio geografikoa da, Zigoitia edo Pobesen egiten ditugun goardietan 40 km baino gehiagoko distantziak ditugu. Neguan desplazamenduak zaildu egiten dira, maiztasun handiz izotza edo elurra egiten duelako.

Egoera konplexuak biziko zenituen, ezta?

Bai. Duela urte bete, adibidez, goizeko ordu txikietan premiazko deia jaso genuen etxebizitza bateko sutea zela eta. Suhiltzaileak ezin ziren adin nagusiko paziente baten logelara heldu. Une oso larriak bizi izan ondoren, harengana iristea lortu zuten. Tentsio handiko uneak dira: pazientea ezagutzen duzu, haren familia… zorionez bizirik ateratzea lortu zuten eta egonkortu ondoren, ospitalera bideratu genuen.

Zer da zure lanaz gehien gustatzen zaizuna?

Pertsonekin dudan hartu-emana. Pazienteek konfiantza handia dute bere Lehen Mailako arretako erizain eta medikuarekin, badakite gure laguntza osoa dutela.

Azpimarratu nahiko nukeen gure lanaren beste alderdi bat zaintza aringarriak dituzten pazienteen arreta da. Gure LMAUn paziente askok bere etxeetan egotea erabakitzen dute euren bizitzako azken egunera arte. Oso esker onekoa da horiek artatzea eta etxean hiltzeko desio hori betetzen laguntzea.

Halaber, oso interesgarria da osasunerako hezkuntzaren lana ere, tabakoa uzteko ohitura sustatu, istripuen prebentzioa, Paziente biziaren programa, aurretiazko borondateen programa, eta abar… Adin pediatrikoa duten pazienteen ezagutza eta jarraipenetik hasi eta heldutasunera iritsi bitartekoa, jarduera prebentiboen gauzatzea asko errazten dute.

Bukatzeko, Murgian  osasun zentro berri bat eraikitzeko aurreikuspena dago, ¿zer aldatuko da?

Murgiako egungo osasun zentroa 70. hamarkadan eraiki zen eta  baditu hainbat hutsune, osasun zentro berria eraikitzerakoan konpondu ahal izango direnak. Hobekuntza handiak izango ditugu mugikortasuna murriztua dutenen irrisgarritasunean zein ohatila eta pazienteen ebakuaziorako; baita espazioetan ere, honek berarekin dakar osasun komunitarioko gure zerbitzuak, beste askoren artean, hobetzea.

Iparraldea-Zuiako Lehen Mailako Arreta Unitateko lan-taldea erizaintzako 15 profesionalez osatua dago: erizaintzakoak (6),  familia medikuntzakoak (6), pediatriakoa (1), erizaintza pediatrikokoa (1) eta administrazio eta erabiltzaileen arreta unitatekoa (1). Zentro honek 5.300 pertsona inguruko populazioari arreta sanitarioa eskaintzen die, Zigoitia, Zuia, Izarra, Pobes eta Kuartangokoak direnak.