Osakidetzak herritarrei zuzendutako jardunaldi bat antolatu zuen Iktusaren Munduko Eguna dela eta

Urriaren 29an AUO Santiagon egin zen topaketak prebentzioari, ohitura osasungarriei, osasun-arretari eta paziente zein familientzako laguntzari buruzko informazio praktikoa eskaini zuen

Ekimen hori Arabako ESIak Iktusaren Mundu Eguna ospatzeko antolatutako programazioaren parte izan zen

Urriaren 29an ospatu zen Iktusaren Mundu Eguna dela eta, Arabako ESIak osasun-profesionalei nahiz herritarrei zuzendutako programazio berezi bat antolatu zuen, gaixotasun horren inguruan sentsibilizatzeko, haren prebentzioa sustatzeko eta sintomak ezagutu eta azkar jardutearen garrantziaz kontzientziatzeko helburuarekin.

Jardunaldiak goizean profesionalei zuzendutako saio zientifiko bat izan zuen, eta arratsaldean herritarrentzako jardunaldi bat egin zen.

Ikasteko, partekatzeko eta laguntzeko gunea

“Ikasteko, partekatzeko eta laguntzeko gunea” lelopean, herritarrentzako jardunaldiak iktusaren inguruko ikuspegi zabala eskaini zuen, prebentziotik eta ohitura osasungarrien sustapenetik hasi eta osasun-arretara eta pazienteei nahiz senideei ematen zaien laguntzaraino.

Ekitaldiari hasiera eman zion Enrique Bárez Arabako ESIko zuzendari-gerenteak, eta ondoren Yolanda Herrero Arabako ESIko Neurologia Zerbitzuko Iktus Unitateko neurologo koordinatzaileak hartu zuen hitza. Hark osasun zerebrobaskularra zaintzeko gako nagusiak azaldu zituen.

Prebentzioa izan zen jardunaldiaren ardatz nagusietako bat. Testuinguru horretan, Gorka Arrieta sukaldariak, SUA Basque Fusion jatetxeko sukaldariak, elikadura osasungarriak gaixotasun kardiobaskular eta zerebrobaskularren prebentzioan duen zeregina jorratu zuen ,“Botika-kutxa zure despentsan” hitzaldian.

Pazienteentzat eta familientzat intereseko informazioa

Programazioak, halaber, iktus bat izan ondoren zer egin eta zer ez egin inguruan sortzen diren ohiko zalantzak argitzeko gune bat izan zuen. Iktus Unitateko erizainek, Elena Folguerak eta Amaia Gómez de Balugerak, pazienteentzat eta zaintzaileentzat gomendio praktikoak eman zituzten.

Era berean, jardunaldiak Arabako ESIk arreta-kalitatean aurrera egiten jarraitzeko egiten duen lana ezagutzeko aukera eman zuen. Nerea Gutiérrez Kalitate Unitateko gainbegiratzaileak arlo horretan bultzatutako ekimenetako batzuk aurkeztu zituen.

Beste bloke nabarmenetako bat pazienteei eta familiei ematen zaien laguntzan zentratu zen. Sandra Ibarrondok, Daño Cerebral Araba elkarteko gizarte-langileak, iktusak eragindako pertsonei eta haien ingurukoei zuzendutako laguntza-programak azaldu zituen.

Sintomak ezagutzeak bizitzak salba ditzake

Iktusa hartutako desgaitasunaren kausa nagusietako bat da, eta denbora erabakigarria den osasun-larrialdietako bat. Azkar jarduteak nabarmen hobetu dezake pronostikoa eta ondorioak murriztu.

Izaro Kortazar Arabako ESIko Neurologia Zerbitzuko buruaren hitzetan,“iktus baten aurrean azkar jarduteak funtsezko aldea eragin dezake kaltetutako pertsonen bilakaeran. Horregatik da hain garrantzitsua herritarrek alarma-sintoma nagusiak ezagutzea eta nola jokatu jakitea. Informazioa eta sentsibilizazioa funtsezko tresnak dira osasun-emaitzak hobetzeko.” Neurologoak jardunaldiari amaiera eman zion, eta bertan azaldutako ondorio eta mezu nagusiak laburbildu zituen.

Prebentzioarekin eta herritarren partaidetzarekin konpromisoa

Ekimen honen bidez, Osakidetzak osasunaren sustapenarekin, gaixotasunen prebentzioarekin eta herritarren partaidetzarekin duen konpromisoa indartu zuen.

Jardunaldia, gainera, Euskal Osasun Itunaren printzipioen barruan kokatu zen. Itun horrek herritarren inplikazio handiagoa sustatzen du beren osasuna zaintzean, prebentzioa indartzea eta pertsonengan zentratutako osasun-sistema hurbilago eta parte-hartzaileago bat eraikitzea bultzatzen ditu.

Programazio honen bidez, Osakidetzak herritarrei iktusa prebenitzeko, haren sintomak goiz identifikatzeko eta kaltetutako pertsonentzat zein haien familientzat eskuragarri dauden baliabide asistentzial eta komunitarioak ezagutzeko tresna gehiago eskaintzen lagundu nahi die.