Osakidetzak protokolo bat aktibatu du miokardioko infartuan jarduteko denbora murrizteko

Osakidetzak miokardioko infartu akutuaren protokolo bat jarri du martxan. Helburu nagusia da jarduteko denborak murriztea, eta, ondorioz, morbilitatea gutxitzea eta pazientearen bizi-itxaropena hobetzea.

Lehen aldiz, dokumentu bakar batean definitu da Euskal Autonomia Erkidegoan gaitz honetan esku hartzen duten baliabide guztien jarduera koordinatua; eta modu argian zehazten du bide klinikoa, jarraibideak eta jarduteko prozedurak.

Hala, teknologia arloan maila ezberdina duten ospitaleak konektatuta egongo dira arreta prehospitalario eta garraio-sistema eraginkor batez, zainketa optimoa izateko eta atzerapenak gutxitzeko eta, hala, emaitza klinikorik onena lortzeko.

AUOko hainbat unitatek (Hemodinamika, Urgentziak, Medikuntza Intentsiboa eta Kardiologia) hartzen dute parte BIHOTZEZ akronimoa duen asistentzia-sare honetan. Proiektua abian jarri denetik, gure ospitaleko Kardiopatia Akutuen Unitateak eginkizun erabakigarria izan du sarea garatzen.

Protokoloa diziplina anitzeko hogei adituk egin dute, eta esku hartzen duten espezialitateetako talde guztiak daude ordezkatuta: kardiologoak, hemodinamistak, urgentziologoak, intentsibistak eta Osakidetzako ospitale orokor guztietan Lehen Mailako Arretan ari diren medikuak.

Gainera, proiektuak informazio-sistema propioa du, arretaren kalitatea erregistratu eta ebaluatzeko. Horrek guztiak aukera emango du Bihotzez euskal asistentzia-sarearen barnean prozesuaren jarraipena egiteko, hobetzeko eta eguneratzeko, bai eta gerora begira protokoloak eta estrategiak ezartzeko ere.

Miokardioaren infartu akutua kardiopatia iskemikoaren agerraldia da, eta heriotzen %10ekin zuzenean lotu ohi da. Urtero, 1.500-2.000 paziente inguruk jotzen du Osakidetzara miokardioko infartu akutuarekin loturiko arazoengatik.

Prentsa oharra