Osakidetzak teknologiarik aurreratuena duten ebakuntza-gela hibridoak izango ditu AUO Txagorritxuren eraikin berrian

Puntako teknologia da, eta Euskadi Europako abangoardian kokatzen jarraitzeko balioko du, osasun-teknologiari dagokionez

1.000 paziente baino gehiago igaroko dira urtean zehar instalazio berri horietatik. Bertan 7 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin dute

Osasuneko Sailburu Gotzone Sagarduik, Osakidetzako Zuzendari Nagusi Rosa Perezekin eta Arabako ESIko zuzendari kudeatzaile Jose Maria Perezekin batera, teknologia hibridoa eta robotikoa duten ebakuntza-gela berriak bisitatu ditu gaur, urriak 19. Ebakuntza-gela horiek AUO Txagorritxuko Zerbitzu Orokorretako eraikin berrian duela gutxi inauguratutako bloke kirurgikoan kokatuak daude.

Europan ebakuntza-gela hibridoak dituzten 40 instalazio inguru daude, eta Osakidetzako Arabako ESIkoak dira aurreratuenak azken belaunaldiko teknologia baitute; Sailburuaren arabera, horrek Euskadi Europako abangoardia teknologikoan jartzen jarraituko du.

AUO Txagorritxuko Zerbitzu Orokorren Eraikin berriaren proiektuaren parte diren hiru ebakuntza-gela berezi dira, Osakidetzak eta Osasun Sailak osasun-azpiegiturak berritzeko hartutako konpromisoaren esparruan. Bertan 7 milioi eurotik gorako inbertsioa egin da egokitzapenean eta ekipamenduan.

Ebakuntza-gelak honako ebakuntza kirurgiko hauetarako prestatu dira: Neurokirurgia, Traumatologia eta Aurpegi-masailetako kirurgia, Kirurgia baskularra eta Kirurgia robotikoa Kirurgia Orokorrerako eta Digestio Aparaturako, Ginekologiarako eta Urologiarako. 1.000 paziente baino gehiago igaroko dira ebakuntza-gela berri horietatik, eta bertan dagoen azken belaunaldiko teknologiaz baliatuko dira.

Ebakuntza-gela hibrido eta kirurgia robotikorako ebakuntza-gela berrien ezaugarriak

Hiru ebakuntza-gela berri horiek 0 Klusterrean kokatuak daude, eta laster jarriko dira abian. Neurri ezin hobeak dituzte ekipamendu-bolumen handiagoa eskatzen duten prozeduretarako. Zehazki, teknologia hibridoa duten bi ebakuntza-gelek —batez ere Neurokirurgiako, Traumatologiako eta Aurpegi-masailetako Kirurgiako eta Kirurgia baskularreko prozeduretarako direnak— 72 m2-ko eta 68 m2-ko azalera dute, hurrenez hurren. Bestalde, kirurgia robotikorako ebakuntza-gelak 52 m2-ko azalera du.

Berrikuntza nagusietako bat da bi ebakuntza-gela hibridoek arku erradiologiko robotizatu bat dutela eskaner batekin. Horrek hiru dimentsioko irudi birtualak eskuratzeko aukera ematen du.Horrela, doitasuna eta segurtasuna nabarmen hobetuko dira, bai diagnostiko-prozeduretan, bai prozedura terapeutikoetan.

Gainera, Neurokirurgiako, Traumatologiako eta Aurpegi-masailetako Kirurgiako ebakuntza-gelan neuronabigadore bat jarri da garezurreko kirurgia digitalerako eta bizkarrezurreko kirurgiarako, baita prestazio handiko mikroskopio bat ere, bistaratze digitaleko/optikoko modalitateak konbinatzen dituena; gainera, mikroikuskapen-tresna bat du, gaitz baskular konplexuak tratatzeko diseinatua.

Ebakuntza-gela horiek bideoa/soinua integratzeko sistema berritzaile bat ere badute, eta, horri esker, diagnostiko-seinaleak eskaini ahal izango dira ebakuntza-geletan bertan zein haietatik kanpo. Baterako saio klinikoetarako, prestakuntza-ikastaroetarako eta bideokonferentzietarako erabili ahal izango da, Arabako ESIaren ospitale-esparruan. Aldi berean, profesionalek bi noranzkotan parte hartu eta lagundu ahal izango dute egiten ari diren ebakuntza kirurgikoetan.