Zorion kanpaiak

AUO Txagorritxuk "Ametsen kanpaia" instalatu du Eguneko Ospitale Onkologikoan, minbizia duten pazienteen tratamenduen amaiera ospatzeko

Hiru kanpai-hots bizitza ospatzeak ematen duen alaitasun eta zoriontasunaren soinua da. AUO Txagorritxun "Ametsen kanpaia" izenekoa jarrita, paziente batek tratamendua amaitzen duen bakoitzean kanpaia jo dezala lortu nahi da, berri ona iragartzeko eta gainerako pazienteak animatzeko, itxaropena eta positibotasuna helaraziz minbiziaren aurkako borrokan parte hartzen duten pertsona guztiei.

Noelia Delgado, Cadizen jaioa eta gasteiztarra adopzioz, nazioarteko ekimen hau Gasteizera ekartzearen arduraduna izan da. Gaixotasuna diagnostikatu ziotenean ezagutu zuen ideia: "Ahizpak esan zidan bere lagun batek, nire gaixotasun bera antzeman ziotenak, gainditze-kanpaia jo zuela. Orduan ez nekien zer zen, baina berak azaldu zidan Cadizko Puerta del Mar Unibertsitate Ospitalean, pertsonak tratamendua gainditzen dutenean, kanpaia jotzen dutela garaipenaren seinale".

Hala, Noeliak kanpai bat erosi eta AUO Txagorritxuri oparitzea erabaki zuen, beste paziente batzuek ere, beren poza adieraz dezaten tratamendua amaitzean, eta, horrela, etapa gogor eta zail baten amaiera kanpai-kolpez ospatzeko, mundu osoko beste pertsona askok egiten duten bezala. Gainera, Eguneko Ospitale Onkologikoan instalatutako kanpaiak berarentzat oso berezia den esaldi bat darama grabatuta, bere borrokan oso presente daukana: "Ez dakizu zein indartsua zaren indartsua izatea zure aukera bakarra den arte".