170 egoiliar berri baino gehiago hurbildu dira Arabako ESIa ezagutzera, ate irekien jardunaldian
Ekitaldian medikuntzako, erizaintzako, farmaziako eta psikologiako 170 egoiliar berri baino gehiagok parte hartu zuten
Asteazkenean, martxoaren 20an, medikuntzan, erizaintzan, farmazian eta psikologian graduatutako 170 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten Arabako ESIko egoiliar berrientzako ate irekien jardunaldian. Bertaratutakoak Euskaditik zein Estatuko beste probintzia batzuetatik etorri ziren gure erakundearen prestakuntza-eskaintza bertatik bertara aztertzera.
Honako hauek hartu zuten parte topaketan: José María Pérez, Arabako ESIko zuzendari gerentea; Marta Quintana, Arabako Unibertsitate Ospitaleko (AUO) ikasketaburua eta Irakaskuntzako Batzordeko presidentea; María Jesús Serna, Arabako Familia eta Komunitate Arretako Irakaskuntzako Unitate Multiprofesionaleko ikasketaburua; Isabel Alonso, Arabako Unibertsitate Ospitaleko (AUO) Erizaintzako Irakaskuntza Azpibatzordeko presidentea, eta Ignacio Garitano, Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuko Zuzendaritza Zientifikoko laguntzailea. Horiek guztiek hitzaldi labur bat eskaini zuten etorkizuneko egoiliarrek erakundea gertutik ezagutu eta Arabako ESIan egoitzaldia motibatzeko aukera izan zezaten.
Ekitaldiaren ondoren, bertaratutakoek Arabako ESIko instalazioak eta irakaskuntza-unitateak aztertzeko aukera izan zuten AUO Txagorritxun, AUO Santiagon, AUO Kanpo Kontsultetan, Lakuabizkarrako Osasun Zentroan eta Arabako Ospitale Psikiatrikoan. Bisitan, egoiliar nagusi talde batek eta tutore-taldeak lagundu zieten, unitateak erakutsiz, esperientziak partekatuz eta galderei erantzunez. Bisita amaitu ondoren, giro lasai eta hurbilean kafe bat hartu zuten, eta egun emankor eta aberasgarri batean iritziak trukatu zituzten.