Araba ESIko Eguneko Ospitale Mediko eta Onko-hematologiko berria arreta sanitarioaren kalitatea hobetzen duen errealitatea da

Iñigo Urkullu lehendakariak azpiegitura berria bisitatu du gaur. Izan ere, 2900 m2-tik gorako azalera dauka, aurrekoaren halako hiru, eta instalaziorik puntakoenak eskaintzen ditu Eusko Jaurlaritzak egin duen 5 milioi euroko inbertsioari esker.

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur goizean bisitatu du hainbat prestazio eta zerbitzuren bidez paziente arabarren arreta hobetuko duen Araba Unibertsitate Ospitaleko Eguneko Ospitale Mediko eta Onko-hematologiko berria. Jon Darpon Osasun sailburuarekin batera, Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusia eta Jesus Larrañaga Araba Unibertsitate Ospitaleko gerentea egon dira. Lehendakariak hauxe nabarmendu du bisitaldian: “Eguneko Ospitale hau martxan jartzean beste aurrerapauso bat eman dugu Osakidetzak arabar guztiei eskaintzen dien zerbitzuaren hobekuntzan”.

Eguneko Ospitale berria Txagorritxu eraikineko beheko solairuan dago kokatuta, lehen kanpo kontsultetarako eta laborategietarako erabilitako orubean, hain zuzen ere. Beraz, antzinako Eguneko Ospitaleko edukieraren halako hirukoa da, Araba Unibertsitate Ospitaleko Plan Zuzentzailearen barruan kokatutako 5.308.007 €-ko inbertsioa egin eta gero. Lehendakariaren esanetan, jarraipena izango duen apustua da, “hurrengo urteetan inbertitzen jarraituko dugulako, Arabako lurraldeari arabarrek nahi eta merezi duten erreferentziako ospitalea eman ahal izateko”.

Iñigo Urkulluk nabarmendu duenez, ospitale berriak “miaketarako eta tratamendurako teknikarik puntakoenak ditu, eta, horren ondorioz, pazienteen eta profesional sanitarioen segurtasuna, eraginkortasuna eta erosotasuna areagotuko dira”. Aldi berean, azpimarratu egin nahi izan du Araba Unibertsitate Ospitalea Osakidetzako sareko aitzindaria ere izango dela, zain barneko kimioterapia segurua emango duelako sistema informatikoaren bidez.Izan ere, tratamenduei bide emango die, nazioartean onartutako “medikazioa segurtasunez emateko bost printzipioak” betetzen direnean (sendagai, dosi, paziente, zain eta ordu egokiak).

Iaz, Eguneko Ospitale Medikoak eta Onko-hematologikoak hilean 1.770 lagun artatu zituzten batez beste. Sarbide bera dute Txagorritxuko kanpo kontsultetako antzinako sarreratik, eta, gainera, onarpena zein harrera ere partekatzen dituzte, erabiltzaileen erosotasuna eta lasaitasuna bermatzeko diseinatutako eremu horretan.