Araba ESIn “Esker On Araba 2016” ekitaldia egin da, profesionalei aitormena egiteko jardunaldia

Pasa den abenduaren 14an, asteazkenean, Araba ESIn “Esker On Araba 2016” aitormen jardunaldia egin zen, urtean zehar gehien nabarmendu diren profesionalak eta haiek bideratutako proiektuak saritzeko antolatzen den ekitaldia.

Eguerdiko 12:00etan, Jesus Larrañaga Araba ESIko zuzendari gerenteak egin zituen hasierako hitzak, lepo zegoen Santiagoko AUOko areto nagusian. Ondoren, aipamen bereziak eta sariak banatu zitzaizkien ESIko profesional eta langile taldeei, amaitzear dagoen urte honetan gauzatutako hainbat egitasmo eta ekimenekin gure erakundearen irudia zabaltzen lagundu dutenei.

Jarraian jakinarazi zen nor suertatu zen irabazle Araba ESIko Gabonetako Postalen Haurrentzako Lehiaketan. Azaroan egin zen lehiaketa eta guztira 70 haurrek hartu zuten parte, Lehen mailako arretako zein Ospitaleko Pediatria zerbitzukoetakoak. Postal irabazlea, aurtengo Gabonak zoriontzeko eta 2017 urterako onena opatzeko erakundeak erabiliko duena, beraz, Eider Gauna Ibarrolarena izan zen, 10 urteko haurra.

Esandakoei ez ezik, aitormen jardunaldi honetan omenaldia egin eta euren dedikazioa eskertu ere egin zitzaien aurten erretiroa hartu dutenei, ibilbide profesionala Araba ESIn egin ostean.

Ekitaldia amaitzeko, ESIko Kantaraba abesbatzak kontzertu laburra eskaini zuen, benetan hunkigarria; bertaratutako guztiek izugarri gozatu zuten abestutako piezekin.