Arabako ESIak bat egin du genero-indarkeriaren aurkako 16 eguneko aktibismoarekin
"Osasunetik, bat egin! Inbertitu emakumeen eta haien seme-alaben kontrako indarkeria prebenitzeko" lelopean, Arabako ESIak hainbat ekintza egin ditu bere osasun-zentroetan genero-indarkeriaren aurkako aktibismoa agerian uzteko
Azaroaren 25ean, larunbata, Emakumearen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna izan zen. Aurten, Osakidetzak bat egin du NBEren Generation Equality ekimenarekin, genero-indarkeriaren aurkako 16 eguneko aktibismoarekin. Horregatik, "Osasunetik, bat egin! Inbertitu emakumeen eta haien seme-alaben kontrako indarkeria prebenitzeko" kanpaina bat jarri du abian, bere erakunde sanitarioak hainbat ekintza egin ditzaten genero-indarkeriaren aurkako aktibismoa ikusarazteko.
Arabako ESIak bat egin du kanpaina honekin, eta AUO Santiagoren fatxada laranjaz argiztatu du. Kolore hori aukeratu du NBEk genero-indarkeriaren aurkako 16 eguneko aktibismo-kanpaina ikusarazteko, "Margotu mundua laranjaz: AMAIERA EMAN DIEZAIOGUN EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIARI BEREHALA!" lelopean. Oraingo honetan, laranja kolorea etorkizun distiratsuagoa irudikatzeko erabiltzen da, emakumeen eta nesken aurkako indarkeriarik gabekoa, UNETE kanpainako jarduera global guztiak biltzen dituen gai bateratzaile gisa.
Era berean, Arabako ESIko 17 osasun-zentrotan "Indarkeria sexistaren aurkako matazak" jarri dira. Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei elkartasuna adierazteko emakumeek egindako ehunak dira. Matazak Indarkeria sexistaren aurkako Matazak kolektiboak erraztu ditu; izan ere, urteak daramatza borrokan emakumeen aurkako indarkeria bere adierazpen guztietan ikusarazteko eta salatzeko.









