Arabako ESIko Medikuntza Nuklearreko Zerbitzuak lehen sari bat irabazi du SEERen XXI. Kongresu Nazionalean

Arabako ESIko taldearen lana berrikuntzagatik eta praktika klinikoa hobetzeko ikuspegiagatik nabarmendu zen, pazienteei onura zuzena eskainiz ikerketaren eta elkarlanaren bidez

Arabako ESIko Medikuntza Nuklearreko Zerbitzuko diziplina anitzeko taldeak Poster onenaren lehen saria jaso du Erizaintza Erradiologikoko Espainiako Elkartearen (SEER) XXI. Kongresu Nazionalean, Gasteizen, 2024ko azaroaren 14tik 16ra bitartean. Saria "Catéter Venoso Central de acceso periferico para la administración de 18Fluordesoxiglucosa" izeneko komunikazioagatik eman zen, medikuntza nuklearraren esparruan ikerketa berritzailea aurkeztu zuena.

Erizaintzako langileek, irudi-teknikariek eta zerbitzuko medikuek egindako ikerketak PET TC miaketak behar dituzten paziente onkologikoen arretan maiz gertatzen den arazo bati heltzen dio. Gaur egun, Arabako ESIko paziente horien % 10 baino gehiago sarbide periferikoko zain-kateter zentral baten eramaileak dira. Hala ere, Medikuntza Nuklearreko Espainiako Elkartearen protokoloak ez du aukerarik ematen gailu horiek 18Fluordesoxiglukosa (18FDG) emateko erabiltzeko, funtsezko erradiotrazadorea baita PET azterlanetan.

Praktika hori babesten duen ebidentzia zientifikorik ez zegoenez, taldeak pazienterik gabeko azterketa bat egin zuen, kateter periferiko horien erabilera 18FDG emateko segurua zela frogatzeko. Ikerketa horrek eragin zuzena du pazienteei ematen zaien arretaren hobekuntzan; izan ere, erradiotrazadorea emateko sarbide errazagoa eta ez hain inbaditzailea erabiltzeko aukera ematen du, eta horrek paziente onkologikoen erosotasuna eta segurtasuna hobetzen ditu.

Kongresuak adimen artifizialak erradiologian eta beste espezialitate batzuetan duen zereginari buruzko eztabaida izan zuen ardatz, eta Estatu osoko profesionalak bildu zituen aurrerapenak eta esperientziak partekatzeko. Testuinguru horretan, Arabako ESIko taldearen lana berrikuntzagatik eta praktika klinikoa hobetzeko ikuspegiagatik nabarmendu zen, pazienteei onura zuzena eskainiz ikerketaren eta elkarlanaren bidez.