Argentinako Nuestra Señora de Luján ospitaleko administrazio-zuzendariak Araba ESI bisitatu du integrazio asistentzialeko prozesuaren gaineko euskal esperientzia ezagutzeko

Osasun Saila beste eskualde eta herrialde batzuekin osasun arloan gauzatzen ari den lankidetza-jardueren barne dago lan-bisita hau

Argentinako Nuestra Señora de Luján ospitaleko administrazio-zuzendari Carlos Eduardo Gowlandek Araba ESI bisitatu du aste honetan Euskal Osasun Sistemaren funtzionamendua bertatik bertara ezagutzeko.

Nuestra Señora de Luján ospitalea Buenos Aires probintziako Luján hiriko ospitale publikoa da, eta inguruko barrutietarako eskualdeko erreferentea da.

Argentinako ospitalearen ordezkariak interes handia agertu zuen gure osasun-sistemaren egitura ez ezik, Osasun Sailak eta Osakidetzak sustatutako integrazio asistentzialeko prozesua ere ezagutzeko, eta Araba ESIk sorreratik izandako garapenaren zein etorkizunari begirako proiektuen berri jaso nahi izan zuen, halaber.

Asteazkenean bildu dira Carlos Eduardo Gowland eta Araba ESIko zein Osasun Saileko kudeatzaileak; Osakidetzako historia kliniko bakarraren eta preskripzio farmazeutikoaren berri ere eman zioten orduan, eta aurreikusita dauden aplikazio informatikoak aurkeztu zizkioten.

Beste hainbat gai ere izan dituzte hizpide bilera horretan, hala nola irakaskuntzaren eta prestakuntzaren antolamendua; ospitale-barneko arreta-sistemak; ospitaleko larrialdien antolamendua; lehen mailako arreta; koordinazio sozio-sanitarioa, eta kudeaketa ekonomikoa, hirugarrenei egindako fakturazioari zein zerbitzuen tarifikazio-sistemei dagokienez.

Azkenik, berriki sortu den Bioaraba –Araba ESIren osasun-ikerketa institutua, alegia– ere ezagutu nahi izan zuen Nuestra Señora de Luján ospitaleko administrazio-zuzendariak. Gure erakundean sortu edo garatzen den ikerketa eta berrikuntza koordinatu eta kudeatzeko tresna nagusia da institutu hori, hain zuzen ere.