AUO-ko litotrizia unitatea dagoeneko 1.500 prozedura baino gehiago ditu eginak

AUOko Litotrizia Unitateak, egoitza Santiagon duenak, 1.500 prozedura baino gehiago egin ditu martxan den bost urte honetan. Arabako eta Gipuzkoako milioi bat pertsonari baino gehiagori ematen dio zerbitzua.

Litiasia shock-uhinekin zatikatzeko aparatua da litotrizia. Erradiologia bidez bilatzen da harria, eta zuzenean aplikatzen zaizkio shock-uhinak. Tratamendua lasaigarriekin egiten da, mingarria izan baitaiteke pazientearentzat.

Teknika hau giltzurrunetan eta ureterrean erabiltzen da, zazpi-zortzi milimetroko harrietarako. Helburua da harria zatikatzea, errazago kanporatzeko. Horri esker, paziente gehienei ez zaie ebakuntzarik egin behar izaten.

Giltzurrunetan eta ureterrean, %70-75eko zatikatze- eta kanporatze-eraginkortasuna du. Etekina txikiagoa da harria maskuritik hurbil baldin badago. Prozeduraren ondoren, pazienteak bizpahiru orduz egon behar du Egonaldi Laburreko Unitatean alta jaso baino lehen.

Hau da taldearen osaera: urologoa, anestesista, erizaina eta erizaintzako laguntzailea. Unitatean urologo hauek daude: Alberto Martín-Marquina, Jon Larrinaga, Maite Maraña eta Pablo Arredondo; eta erizain hauek: Ana eta Mari Cruz.