AUOk eta Eskualdeak batera egin zuten korrikaren 2.178 kilometroa

Korrikak pasa den martxoaren 28an Gasteiz zeharkatu zuen. Gure ospitaleak eta Araba Eskualdeak 2.178 kilometroa egin zuten Salburua auzoan, Juan Carlos I etorbidearen eta Paris kalearen arteko bidegurutzean. Osakidetzako langile talde handi bat, AUOko Kudeatzailea buruan, segizioaren zain egon zen patxada handiz.

Gure ospitaleko Ikerkuntzako arduradunak, Felipe Aizpuruk, lekukoari heldu zion, Baskonia eta Alaves kirol taldeek emanda. Ibilbide osoan, Psikiatriako erizain-egoiliarra eta euskara ikaslea den Ester Casas Zamorako gazteak lagundu zion Aizpuruari.

Eguraldiak bat egin nahi izan zuen Korrikarekin, eta hari esker Arabako korrikalariei lagundu zieten euskarazaleek festa honekin gozatzeko aukera izan zuten.

Beste batzuen artean, hauek lagundu zioten Feliperi: AUOko zuzendariek -Fernando Encinar eta Javier Pedrosa-, Araba eskualdeko Zuzendari medikoak eta Pertsonaleko zuzendariak, Korrikan parte hartzea antolatu duen Euskara teknikariak –Rafa Arriola-, Erradiologiako zerbitzuburuak –Ramon Arrizabalaga-, Eduardo Mata zeladoreak eta osasun teknikari batzuek.