Gasteizko Santiago Apóstol Ospitalearen historia laburra
Behe Erdi Aroan sortu ziren lehenengo ospitaleak, baliabiderik gabeko pertsonei laguntza emateko zentro gisa, non etxea, bazkaria eta ohea ematen zizkieten. Gasteizko hiribilduan, hain zuzen, Santa Maria Ospitalea eta San Lazaro Ospitalea - Casa de La Magdalena zeritzotena- ezarri ziren.
Hirugarren ospitalea 1428an eraiki zuten Santa Maria del Cabello izenpean, baina urte batzuk geroago Santiago Ospitalea deitu zioten. Zentro horren sustatzaileak izan ziren Aiarako kondeak, Fernan Perez de Ayala jauna eta bere emaztea, Maria Sarmiento andrea, ospitale horri hainbat fabore, onura eta pribilegio eman zizkiotenak beraiek hil arte. San Frantzisko komentuaren ondoan eraiki zuten, izan ere, gaur egun postetxea dagoen orubean. Aipatzekoa da kontratatu zuten lehen medikua, Fernán Lopez de Escoriaza (1480-1541), Eskoriatza-Eskibel jauregiaren jabea eta Ingalaterrako Katalina erreginaren eta Karlos V.a erregearen medikua izan zena. Urteak aurrera joan ahala, udalak hiru ospitaleen gastuak mantendu ezin zituenez gero, erabaki zuen batzea Santiago Ospitalean.
Hiria handituz joan zen, eta 1804an onartu zuten zentroa lekuz aldatzearen proiektua, gaur egungo Olagibel kalera. 1807an obrak bukatu ondoren, erakin hori Napoleonen soldaduek okupatu zuten, Independentziaren gerra amaitu arte. Mende horretan ere zenbait handitze egin eta kapera eraiki zuten.
Bitxikeria moduan, hauek aipatu behar ditugu: 1918an X izpiko lehen aparatua erosi zuten; geroago, martxan jarri zuten sorospen-etxea, eta 1927an eraikin zituzten gela isolatu bi, tuberkulosia zuten paziente txiroak zaintzeko. Gela horiek estatu osoan lehenak izan ziren. Hala ere, biztanleen kopurua handitzea dela kasua, berritze handiena 1975ean egin zuten, ekialdeko eta mendebaldeko aldeetan bi pabiloi erantsiz. Berrikuntza horren ondorioz, eraitsi zuten Ospitaleko estilo neoklasikoko kapera, estetika urbanistikoko arrazoiak zirela eta.
Beraz, Ospitaleko historiak islatzen ditu gizarte gasteiztarraren bilakaera eta gizartean eta arlo sanitarioan eman diren aldaketen moldaerak.
Egilea: Fernando Grande Gil
AUO Txagorritxuko langilea