Iñigo Urkullu: “Arabak, gaur, arabarren osasun arretan bikaintasuna lortzeko bidean beste urrats bat eman du"

Osasun sailburua, Osakidetzako zuzendari nagusia eta Araba ESIko gerentearekin batera, Lehendakariak, AUOko Santiago eraikinean abian jarritako Gaixotasun Kronikoko eta Zainketa Aringarrien bi unitate berriak bisitatu ditu gaur goizean.

Aurrikusten denez, aurten 2.000 arabar ingururi eskeiniko diete arreta, Osakidetzaren irrisgarritasuna hobetuz; paziente kronikoek eta euren familiek ez dute, gainera, Lezako Ospitalera joan beharrik izango. Txagorritxuko eraikin berriaren obrak ere 2017an hasiko dira.

Araba ESIko Gaixotasun Kronikoko eta Zainketa Aringarrien bi unitate berriak urrats bat gehiago dira arabarren osasun-arretan bikaintasuna lortzeko bidean Eusko Jaurlaritzak egindako apustuan. Aurrerapen honen osatuz, aurten ere ekingo zaie Txagorritxuko eraikin berriaren obrei.

Hala adierazi du, gaur goizean, Iñigo Urkullu lehendakariak, Arabako Unibertsitate Ospitaleko Santiago eraikinean kokatutako bi unitateak bisitatu ondoren: Gaixotasun Kronikoak dituzten Pertsonen Arretarako Unitatea eta Zainketa Aringarrien Unitatea. Aurrikusitakoaren arabera, guztira 2.000 arabar ingururi eskeiniko diete arreta, Osakidetzaren irrisgarritasuna hobetuz; paziente kronikoek eta euren senideek ez dute, gainera, Lezako Ospitalera joan beharrik izango.

Lehendakariarekin batera, bertan izan dira Osasun sailburu Jon Darpón, Osakidetzako zuzendari nagusi María Jesús Mugica eta Araba ESIko gerente Jesus Larrañaga. Lehendakariak esan du fenomeno beraren —biztanleria zahartzea— bi ondoriori erantzuteko zerbitzu berriak direla. Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren hitzetan fenomeno hori “bizi itxaropenak gora egiten duen eta, ondorioz, pluripatologiak dituzten edo tratamendu aringarriak behar dituzten pertsonen proportzioak ere gora egiten duen gizarte aurreratuen erronka nagusietako bat da”. Horrela, gogoratu du Araban bizi itxaropena, emakumeen kasuan, 87,7 urte dela, eta gizonen kasuan 80,6 urte; eta proiekzio demografikoaren kalkuluen arabera, 2026an 65 urtez gorako 80.000 arabar inguru egongo direla, eta horietatik 25.000 lagunek 80 urte baino gehiago izango dituztela. Horregatik azpimarratu du “garrantzitsua dela Euskal Osasun Sistema Publikoari pertsonen beharrei erantzungo dieten zerbitzu berriak ematen jarraitzea”.

GAIXOTASUN KRONIKOEN UNITATEAK AUOren Santiago eraikineko Barne-medikuntzako arloan kokatua, aurten 1.300 bat paziente artatuko du, aurrikusitakoaren arabera. Unitatea, akutu-ospitaleetan patologia kronikoak dituen pazientea tratatzeko modua gainditu egiten duen proiektu handinahiaren baliabideetako bat da. Izan ere, gaitz kronikoez gain, beste baldintzatzaile batzuk ere hartzen ditu kontuan, besteak beste, adina, ahultasun-egoera, dibertsitate funtzionala, mendetasuna, narriadura kognitiboa edo gizarte-problematika.

Jauzi kuantitatiboa ematen da, pertsona gehiagori arreta eskaintzen zaielako. Baina jauzi kualitatiboa ere ematen da, oinarrizko hiru zutabek eusten duten arretaren alde Osasuneko Euskal Sistema Publikoak, oro har, egiten duen apustuarekin bat etorriz:

1.- Pazientearen balorazio osoa; alderdi klinikoak, funtzionalak, kognitiboak eta sozialak kontuan hartuz zaintza-plan bereizia sortzeko.

2.- Arreta globala, diziplina anitzeko ekipoak osatuta.

3.- Laguntzari jarraipena ematea; era horretan, pazientea eta bere familia arreta sanitarioaren erdian kokatzen dira, eta laguntza maila guztiak euren eskura ipintzen dira pazienteak, une bakoitzean, baliabide egokienak eduki ditzan; hala, bizi kalitatearen irizpideari lehentasuna ematen zaio.

Arreta mota hori, bereziki, herritar multzo jakin batzuentzat lagungarria da. Izan ere, multzo horietako batzuek, orain arte, Lezako Ospitalera joan behar zuten. Unitate berri honetan arreta jasoko duten pazienteen artean hauek daude: adineko pertsona ahulak, patologia eboluzionatua dutenak edo ez dutenak; ospitaleratzean narriadura funtzionala jasateko arriskua duten pazienteak; dementzia diagnostikatua eta eboluzionatua duten pazienteak; eta bizitzaren amaieran dauden pazienteak.

Bestalde, Araba ESIko ZAINKETA ARINGARRIEN UNITATEAk ospitalean zein pazientearen etxean —lehen mailako arreta bidez— arreta eskainiz burutzen du bere jarduera. Goi-maiako prestakuntza espezifikoa duten profesionalez eratua, gaixotasuna aurreratua eta larria duten pertsonei tratamendu egokienak ematen dizkie, paziente horiek sendatu ezin direnean eta ahalik eta ongizate handiena lortzeko ahalegin guztiak egin behar direnean.

Horretarako, Lehen Mailako Arretan duen egituraz gain, AUOko Santiago eraikinekoa dauka, guztira 400 paziente inguru tratatzeko aurrikuspena dagoelarik. Halaber, laguntza emateko bide bat finkatzen du, zainketa aringarriak behar dituzten paziente helduei arreta integratua ziurtatzeko helburuarekin. Era horretan, pazientearen autonomia sustatzen da honakoak bezalako alderditan: erabakiak hartzeko unean parte hartzeko, aurreratutako borondateen dokumentua egiteko aholkularitza eta informazioa emateko, eta bizitzaren amaieran pazienteentzako zaintza-plan bat osatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sustatutako Euskadiko Zainketa Aringarrien Plana 2016-2020 zabaltzeko beste urrats bat da. Horri esker, kasu honetan, Araba ESIren laguntza-baliabide guztiak laguntza-maila guztietan zainketa aringarriei aurre egitea bermatzeko bideratuko dira. Azken helburua hauxe da: gaixotasun aurreratuak dituzten pertsonen eta euren familien bizi kalitatea hobetzea, modu arrazionalean, planifikatuta eta modu eraginkorrean, zainketa aringarriak gaixoen eta hauen zaintzaileen legezko eta banakako eskubide izan daitezen ziurtatuz.