'Ospitalerako ipuinak',Osatzeko modu bat
'Ospitalerako ipuinak' AUO Arabako Unibertsitate Ospitaleko irakasle Ana García de Motiloak sortutako proiektua ondo pasatze soiletik harantzago doa: prozesu asistentzial askotan, ipuinok laguntza terapeutikoa dira ospitale honetan egotera behartuta dauden haurrentzat. Esan dezakegu ipuinek pazientea osatzen edo haren gaitza leuntzen laguntzen dutela.
'Cinco loritos', ‘Lina, la pequeña golondrina’, ‘Arturo, el pequeño canguro’ eta ‘Samanta, el pez manta’ ipuinetako istorioak, 'Hospitalandia' bloga ahaztu gabe, lagungarriak dira paziente, guraso edo anai-arrebentzat, gaitzari, norberarena zein inorena, beste ikuspegi batekin aurre egiteko. Horixe da horien balioa.
Esperientziak eta bizipenak elkarrekin partekatzeko helburuarekin, istorio indibidual horiei buruz eztabaidatu dugu guraso, profesional sanitario, hezitzaile, psikologo eta besteren artean. Pediatriaren arlorako eta gaixotasunari aurre egin behar dioten pertsonentzat balio profesional eta gizatiar handia duten testigantzak bildu dira.
Eta Ana dugu honetan guztian ardatza; izan ere, asmamen bukaezina du. 'Cinco loritos' ipuina (Bost loro txiki) mundu erdian erabili dute, eta heziketarako erreferentzia da ospitaleetako ikasgeletan. 'Hospitalandia' bloga, bestalde, tresna bizia dugu, parte hartzekoa eta oso entretenigarria, hainbat lagunen sentipena azaltzen duten bizipenez betea.
Anak asmamen bukaezina duela esatea ez da gauza erretorikoa; izan ere, beste bi proiektu gauzatu ditu: ‘César y el futbolín mágico’ eta ‘La elefanta blanca’. Irakaslearen beraren arabera, ‘César y el futbolín mágico’ ipuina distrofia muskularrekin lan egiteko istorioa bat da, eta ‘La elefanta blanca’, berriz, asmaren ingurukoa da. "Asma nahiko gaitz ohikoa dugu, eta nik beti eduki dut gogoan zerbait sortzea horrekin", azaldu du irakasleak.