Radiologia aldizkariak Araba ESIako profesionalek idatzitako artikulu bat argitaratu du
Artikuluak paziente onko-hematologikoen intzidentzia-aurkikuntzak deskribatzen ditu
Argitalpen hau egileek paziente onko-hematologikoekin egindako diziplina anitzeko lanaren eta ikerketaren emaitza da: Ainhoa Viteri, Erradiodiagnostiko Zerbitzuko mediku ondokoa, Seve Domínguez, Onkologia Medikoko zerbitzuburua, Ernesto Pérez, Hematologia eta Hemoterapiako Zerbitzuko mediku ondokoa, eta Raúl Poza de Celis, Onkologia Erradioterapikoko zerbitzuburua, guztiak Araba ESIakoak.
Premiazko eta ustekabeko aurkikuntzak gero eta ohikoagoak dira paziente onko-hematologikoen artean, haien gaixotasunak eta tratamenduak gero eta konplexuagoak direlako, eta horiek gero eta irudi-proba gehiago eskatzen dituztelako.
Erradiologia Medikoko Espainiako Elkartearen (SERAM) argitalpen ofizialak, Radiologia aldizkariak, lan hau zabaldu du, paziente onko-hematologikoen proba erradiologikoen premiazko eta ustekabeko aurkikuntzen erabilera praktikoaren alderdi garrantzitsuenak laburbiltzen dituena: zeintzuk diren ohikoenak, nola adierazten diren irudiz, nola interpretatu eta, batez ere, nola eta noiz jakinarazi pazientearen ardura duen medikuntzako profesionalari.
Hain zuzen ere, neoplasiak dituzten pazienteak artatzen dituzten profesionalen arteko komunikazioa da erabilera azkar, seguru eta eraginkorraren oinarria. Funtsezkoa da zerbitzuen arteko komunikazio-kanal formalak eta informalak ezartzea, profesionalen beharrak ulertzea, eta jarrera harkorra izatea pazienteei arreta egokia emateko eta arreta ematen dieten profesionalei zerbitzu ona emateko.
Erradiodiagnostikoko profesionalek erabakirik onena hartzen lagun diezaiekete proba eskatu duten profesionalei, eta balio erantsia eman aurkikuntza horiek maneiatzeko orduan. Horretarako, aurkikuntza ohikoenen irudi-adierazpenak ezagutu behar dituzte, eta horiek, gainera, premiaz komunikatu behar dira: tratamenduen toxikotasun espezifikoa, tumoreen eta kateterren konplikazioak, infekzioak eta tronbosiak; eta kontuan hartu behar dira jasotako tratamendua, arrisku-faktoreak eta paziente bakoitzaren egoera klinikoa eta immunologikoa.