Sexu-hezkuntzari buruzko tailerrak Lakuabizkarra Osasun Zentroan
Badira hamar urte baino gehiago, osasun zentro honetako emaginek Gasteiz Lanbide Heziketarako Ikastetxeko neska-mutilei zuzendutako tailerrak eskaintzen dituztela. Ikastetxeko irakasleek detektatutako arrisku jokabideen inguruko prebentziorako informazioa eskatu zutelako sortu zen ekimena.
16 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta helburu oso zehatzak ditu: batetik, sexu-transmisioko gaixotasunak eta nahi ez diren haurdunaldiak prebenitzeko metodo desberdinen inguruko informazioa zabaltzea eta gazteak kontzientziatzea, eta bestetik, gai hauei buruzko zalantzak argitzeari eta arazoak konpontzeari begira, osasun-zentroetako emaginengana jotzeko aukera ematea.
Tailerraren aurretik, ikasleek euren zalantzak eta interesatzen zaizkien gaiak zeintzuk diren jakinarazten dute, ondoren taldean horretaz hitz egin ahal izateko.
2018an, 55 gaztek parte hartutako bost tailer egin dira. Irakasleek eta tailerraren ostean galdeketa bete duten ikasleek ere oso positiboki baloratzen dute izandako esperientzia, eta etorkizunean jarraipena eman diezaiola nahiko lukete.
.