Arabako ESIak jarraipen klinikoko proiektu berritzaile bat jarri du abian adimen artifizialarekin

Monitorizazio-programa bat da, gaixotasun buxatzaile kronikoa duten pazienteen osasun-egoeraren etengabeko jarraipena egiteko, LOLA® laguntzaile kliniko birtualaren bidez

Arabako ESIak Osakidetzan aitzindaria den proiektu bat jarri du abian, Biriketako Gaixotasun Buxatzaile Kronikoa (BGBK) duten pazienteen jarraipen proaktiboa egiteko elkarrizketa-adimen artifiziala duena. Sistema LOLA®-n oinarritzen da, hau da, pazienteen osasun-egoera etengabe monitorizatzeko dei automatizatuak egiten dituen laguntzaile kliniko birtualean.

Programaren hedapena progresiboa izango da Kronikotasunean Praktika Aurreratuko Erizainak (EPAK) dituzten Gasteizko Lehen Mailako Arretako Unitateetan. Profesional horiek, Lehen Mailako Arretako medikuekin koordinatuta, programan sartutako pazienteak baloratzeaz eta haien jarraipena egiteaz arduratuko dira.

Lehen Mailako Arretako mila pazientek baino gehiagok jasoko dute jarraipen klinikorako tresna hori, eta aurrerapen garrantzitsua da BGBKri heltzeko. Aldi berean, proiektua Kanpo Kontsultetako Pneumologia Zerbitzuan ere ezarriko da, medikuek eta erizainek parte hartuta.

Proiektuan parte hartzen duten profesionalek plataforman sartu eta sortutako datuak atera ahal izango dituzte Osabide Globalean sartzeko. Oraingoz plataforma Osabide Globalen zuzenean integratuta ez badago ere, jasotako informazioa sisteman islatu ahal izango da paziente bakoitzaren alerta-panelaren bidez.

Zer egiten du LOLA®-k?

LOLA® (TUCUVI Care, S.L.ren marka erregistratua) laguntzaile birtual bat da, pazienteekin telefonoz harremanetan jartzen dena, nola sentitzen diren eta zer sintoma dituzten galdetzeko eta informazio garrantzitsu guztia erregistratzeko. Haren helburu nagusia da osasun-egoeraren etengabeko monitorizazioa erraztea eta edozein aldaketa esanguratsu garaiz detektatzea. Nahiz eta ez den pertsona erreala, paziente bakoitzak elkarreragin dezake berarekin, osasun-langileekin egingo lukeen bezala: galdera bat errepikatzeko eskatu edo erantzun bat argitu.


Osakidetzak bultzatutako proiektu pilotu horri esker, Arabako ESIa Lehen Mailako Arretan teknologia hori prebentziozko ikuspegitik aplikatzen duen Estatuko lehen erakundea da. Ekimen hau aurrerapauso bat da patologia kronikoak dituzten pazienteen jarraipena egiteko tresna digitalen erabileran.

Sartu LOLA®-ren jarraipen telefonikorako programan irudian klik eginez