Euskaraldirako atzerako kontaketa hasi da

Izena emateko epea irekita dago. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo da.
Euskaraldia gizarte-ariketa bat da, euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza-ohiturak aldatzeko, gizarteko eremu guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua. Helburu nagusia euskararen erabilera areagotzea da, herritarren hizkuntza-ohiturak aldatuz.
Aurten banaka parte hartu ahal izango da, ahobizi edo belarriprest rolen bidez, baita taldean ere, arigune deitu diogunaren bidez.
Ahobizi gisa parte hartzen dutenek euskaraz komunikatzen dira beti ulertzen duten pertsonekin. Beste pertsonak euskaraz dakien ala ez ziur ez daudenean, lehenengo hitzak euskaraz egingo dituzte eta, beste pertsonak ulertzen badu, hizkuntza berean hitz egiten jarraituko dute. Ahal den guztietan euskaraz hitz egitea da gakoa.
Belarriprest gisa parte hartzen dutenek euskaraz ulertzen dute, baina ez dute kasu guztietan hitz egingo. Gutxieneko baldintza hizkuntza ulertzea da. Alde horretatik, pertsona horiek aukera dezakete noiz nahi duten edo noiz hitz egin dezaketen euskaraz, baina beraiei beti euskaraz hitz egiteko eskatuko dute. Gakoa ez dago gaitasunean, jarreran baizik.
Praktika-lekuetan, euskarazko arigune izenekoetan, euskaraz komunikatzeko aukera etengabe bermatuta dago, bai erakundearen barruan (barne ariguneak) bai erakundeak herritarrekin dituen harremanetan (kanpo ariguneak). Talde horiek osatzen dituzten pertsonek ahobizi edo belarriprest gisa parte hartuko dute, baina, kasu honetan, taldean egingo dute ariketa.
Araba ESI gogotsu atxiki zaio kanpaina honi, eta 10 arigune aurkeztuko ditu erakundearen barruan, argi eta garbi identifikatutak.
Langile guztiak kanpainan parte hartzera animatzen zaituztegu. Horretarako, izena eman behar duzue, banaka, Euskaraldia-ren webgunean edo telefonorako aplikazioaren bidez euskaraldia.eus/telefonorako-aplikazioa/
Parte hartzeko gutxieneko baldintza elkarrizketa informalen ulermen-maila izatea da.
Araba ESIko Euskara Zerbitzua













