Historia Klinikorako Sarbideak (V) | Arabako ESIa bidegabeko sarbideen aurrean
Serie honetan adierazi dugun bezala, hainbat lanbide-profilek bidegabe egindako sarbide-kasuak identifikatu dira, eta horrek osasun-sistema osoari eragiten dion egoera islatzen du
Erakunde gisa, funtsezkoa iruditzen zaigu araudia ez betetzearen ondoriozko erantzukizun penal, profesional eta ekonomikoei buruz informatzea, prestatzea eta ohartaraztea. Hainbat iturritan — hala nola, komunikabideetan, hemerotekan edo datu-base juridikoetan —, horri buruzko epaiak eta kondena-epaiak kontsulta daitezke. Auditoriak, espedienteak, albisteak, Datuak Babesteko Agentziek igorritako errekerimenduak eta pazienteek aurkeztutako salaketak ere badaude, besteak beste, gai honen garrantzia frogatzen dutenak.
Oro har, Osakidetzan ondo betetzen dira pazienteen konfidentzialtasunarekin eta intimitatearekin lotutako arauak. Hala ere, egokitzat jotzen dugu esparru horretan sentsibilizazioa bultzatzen jarraitzea, eta, beraz, herritarren datu klinikoetarako sarbideak erregistratzeko sistemari informazio-abisuak eransteko beharra defendatzen dugu, indarrean dagoen araudia gogoraraziz, bai eta egon daitezkeen erabilera desegokien analisia eta jarraipena errazteko mekanismoen bidez ere.
Berriro gogorarazi nahi dugu bidegabeko sarrera horiek “aztarna digitala uzten dutela beti”, eta hutsegite larria direla, diziplina- eta zehapen-espediente administratibo bat irekitzea barne, baita zigor-arloko epaitegiek aztertzen dituzten delituak ere.
Profesionalaren jardunak bere lanbide-betebeharrak haustea ekar dezake, eta sekretuak aurkitu eta ezagutarazteko delitua ere izan daiteke, Zigor Kodearen 197.1, 2., 6. eta 198. artikuluetan aurreikusia eta zigortua. Profesional medikoaren kasuan, gainera, Deontologia Medikoko Kodea urratuko litzateke (27. artikuluaren 3. atala): mediku izateak ez du baimentzen harreman profesionalik ez duen paziente baten informazio konfidentziala jakitea.
Osasun-arloko profesionalen ezjakintasun-susmoetatik edo jokabide horien aurrean zigorgabetasun-sentsazio faltsuetatik urrun, Arabako ESIan lanean jarraituko da informazioa emateko, kontzientziatzeko eta jardunbide egokiak zabaltzeko. Era berean, gogorarazten dugu jakin-min hutsagatik historia kliniko batera sartzeak edo asistentzia- edo lanbide-helbururik gabeko datuak kontsultatzeak ondorio larriak izan ditzakeela, ekintza horiek arau-haustea edo delitua izan baitaitezke.
Pertsonen Zuzendaritza














