Izaskun Porturi elkarrizketa

Lankide euskaldunei egindako elkarrizketa sailarekin jarraituko dugu. Honen helburua Araba ESI euskalduna ezagutzea da, eta baita langileen artean euskararen erabilera sustatzea ere eta gure arteko hurbiltasuna indartzea

Izaskun Portu Telletxea Lesakarra da eta duela 20 bat urte etorri zen bizitzera Gasteizera naiz eta gaur egun Erribera Beitiako herri batean bizi den. Gaur egungo AOUko Kanpo Kontsultetan Administrari Laguntzaile aritzen da.

Izaskun PortuNola ikasi zenuen euskaraz hitz egiten?

Etxean ikasi nuen, jaiotakoan, nere ama-hizkuntza da.

Euskaraz bizi ahal zara? Zein esparrutan?

Euskaraz bizi…, bai eta ez. Gure etxean bai, euskaraz dakien ororekin aritzen naiz ni euskaraz, beraz neurri haundi batean bai. Desberdintasuna dago Gasteizko inguru edo zonaldearen arabera. Ni bizi naizen herrian ordea ez daukat euskaraz hitz egiteko aukerarik, alaba eta biok gara bertoko euskaldun bakarrak eta.

Euskaraz bizitzeko trabak dituzu?

Jakina ditudala. Nire inguruko jendeak ez badaki nere hizkuntza egiten, nik ere ezin dut erabili. Egoera hau bizitzako alderdi guztietara zabaltzen da. Bai zerbitzu publikoetan bai pribatuetan eta harremanak izatean. Pozgarria da baten hizkuntza eta bizimodua naturaltasunez eraman ahal denean.

Etorkizunera begira, zer uste duzu egin ahal dela alor guztietan euskararen erabilera normalizatua izateko?

Oso zaila da. Gaur egun nere inguruko lanpostu guztietan euskaraz dakien jendeak egiten du edo egin beharko luke lan, baina horrek ez du erabilera normalizatua bermatzen. Jende askok ikasten du titulu bat lortzeko eta ez hizkuntza benetan erabiltzeko. Politika linguistikoa aldatu behar da. Ikasteko erreztasunak eman ez dakienari, dakitenek ere erabiliz eta nola ez gure hizkuntza maitatzen erakutsi behar da, baina nola egiten da hori hemen garrantzia estatistikei ematen zaienean? Zenbakiek dute garrantzia eta ez erabilerak.

Deskribatu azkenengo urteetako euskararen garapena Gasteizen.

Hizkuntzaren erabilera eta garapena gorantz doa. Nik 20 urte inguru daramat Araban bizitzen eta orain askoz gehiago erabiltzen da etorri nintzenean baino. Hala ere ez zait nahikoa iruditzen inondik ere, beraz, oraindik lan asko egin beharrean gaudela iruditzen zait.