Medikazioaren kontziliazioa Araba ESIn

Oraingo honetan, Araba ESIko medikazioaren kontziliaziorako lantaldearekin hitz egin dugu. Lantalde hau ESIko eta farmazia komunitarioko medikuntzako eta farmaziako profesionalek osatzen dute. 2013ko erdialdean osatu zen kontziliazio eredu bat definitu eta zirkuitu integral bat ezartzeko asmoz, betiere pazienteen segurtasuna eta laguntza-kalitatea hobetzea helburu.

Nola sortu da medikazioaren kontziliaziorako programa bat abian jartzeko ideia?

Mailen artean ematen diren pazienteen laguntza-trantsizio guztietan ager daitezke medikazio akatsak. Izan ere, pazienteak jasotzen ari diren tratamenduak partzialki edo osoki ez ezagutzearen ondorioz, beharrezko ohiko tratamenduak alboratzea, bikoiztasunak ematea, dosi eta forma farmazeutiko okerrak agintzea… gerta daiteke. Tratamenduaren kontziliazioa akatsak murrizteko bitarteko baliagarria dela frogatuta dago, eta, horrenbestez, kontziliazio programa bat definitzeko beharra azaleratu da.

Zertan datza kontziliazio prozesua?

Laguntza-trantsizio bakoitzaren historia farmakoterapeutiko ahalik eta onena egitean. Osasun-egoera bera bezala, pazienteen historia farmakoterapeutikoa ere dinamikoa da. Horregatik, berau eguneratzea beharrezkoa izan beharko litzateke pazientearen laguntza-maila aldatzen den bakoitzean: ospitalea, kanpoko kontsultak, osasun-zentroa eta egoitza soziosanitarioa.

Zein da kontziliazio-akatsak izateko arriskurik handieneko unea?

Ospitaleko alta jasotzen den unea da zalantzarik gabe arriskurik handieneko unea, baina, azaldu dugun bezala, pazientearen trantsizio oro da arriskutsua.

Nola murriztu daiteke arriskua?

Altako txostenetan informazio farmakoterapeutikoa jasotzeko atal bat sartuz. Atal horretan ospitaleratzean zehar medikamenduekin hasi, aldatu eta bertan behera utzitako tratamenduak jaso beharko lirateke, erabaki horiek hartzeko izandako arrazoiak aipatuz. Era berean, beharrezkoa da bai preskripzio elektronikoa bai pazientearen tratamendu aktiboko orriak eguneratuta izatea.

Osasun langileen artean oso iritzi hedatua da kontziliazioa farmaziari dagokion arazoa dela, baina zergatik da guztion inplikazioa eskatzen duen garrantzizko zerbait?

Artatutako pazienteak gero eta konplexuagoak dira, gero eta medikamentu gehiago hartzen baitituzte eta asko baitira berauen zaintzan inplikatutako profesionalak.  Trantsizio bakoitzean aldaketak egiten dira tratamenduan, eta horrek medikamentuekin lotutako arazoak sor ditzake. Medikuek agindu eta eguneratu behar dute tratamendua. Farmaziak egin beharreko balioztatzeak sortutako arazoak antzeman, komunikatu eta zuzentzen lagun dezake, baina ez dugu ahazterik erizaintzako langileek, farmazialari komunitarioek eta aktore nagusiak, hau da, pazienteak eta/edo bere zaintzaileak jokatzen duten ezinbesteko rola.