Arabako ESIko Sedazio Aringarri buruzko Gida
Sedazio aringarria legez onartutako eta etikoki onartutako neurri terapeutikoa da, praktika mediko ontzat hartzen dena, betiere prozedura indikazio, helburu eta ebaluazio egokiarekin egiten bada
Bizitzaren amaierako osasun-arretaren helburuak dira pazientearen kontrol sintomatikoa eta hari laguntzea, bere familia-ingurunerako beharrezko euskarriarekin batera, betiere esparru etiko zorrotza errespetatuz erabakiak hartzeko prozesuan.
Kasu batzuetan, nahiz eta tratamendurik egokienak erabili, ezin dira sintoma guztiak modu egokian kontrolatu, eta, beraz, sedazioa aukera terapeutiko egokiena da.
Zergatik da garrantzitsua sedazio aringarriari buruzko gomendio edo gida bat egitea? Neurri terapeutiko horrek zuhurtasunez aplikatzea eskatzen duelako, jardunbide egoki batek gidatuta. Arrisku potentzialak edo praktika okerrak kontuan ez hartzeak egoera ez-etiko edo kaltegarrietara eraman dezake, eta horrek gaixoen eta senitartekoen sufrimendua areagotu kalteberatasun handiko zirkunstantzietan, eta profesionalekiko eta erakundeekiko sinesgarritasuna eta konfiantza gutxitu.
Gogoeta horren ondoren, lantalde bat sortu zen hainbat zerbitzutako erreferenteekin, bai ospitale-arretakoak, bai Lehen Mailako Arretakoak. Lantalde horretan lan egin da AUOn lehendik zegoen dokumentu bat hobetzeko eta zabaltzeko.
Dokumentu honen helburuak honako hauek dira:
- Ikuspuntu klinikotik irizpideak bateratzea, bizitzaren azken fasean dagoen pazientearen indikazioa eta sedazio-prozedura behar bezala egiteko.
- Esparru etiko zorrotza ezartzea, sedazio hori aplikatu aurretik.
- Arabako ESIko profesionalei erabakiak hartzen laguntzea, eta gaixoen, haien senitartekoen eta profesionalen interesak sustatzea eta babestea.
Arabako ESIren Sedazio Aringarriaren Gida Intraneten dago eskuragarri, “Protokoloak, Prozedurak, Gidak eta laguntzeko dokumentuak” atalean, bai Lehen Mailako Arreta-koak, bai AUO-koak. Paziente eta familientzako informazio-dokumentua, sedazio aringarriari buruzkoa ere eskuragarri dago Intraneten.















