400 profesional inguru Bioarabako XIX. Ikerkuntza eta Berrikuntza jardunaldietan

Urriaren 25ean, ostegunean, XIX. Bioarabako Ikerkuntza eta Berrikuntza Jardunaldiak izan ziren, Araba ESIko ikertzaileen, Euskal Herriko Unibertsitatearen, osasun arloko I+D+i enpresen eta herritarren arteko foroa

Jesus Larrañaga Araba ESIko Zuzendari Kudeatzailea ongietorriko hitzaldia eskaini ondoren, Iñaki Berraondo Osasun Sailburuordeak eta Ivan Igartua UPV/EHUko Arabako Campuseko Erretoreordeak jardunaldiak inauguratu zituzten.

Jardunaldien lehen zatian, osasunaren eta ikerkuntzaren arloko 400 bat profesionalek euren ezagutzak eta esperientziak partekatu zituzten izen iradokitzaileak zituzten 27 lan-mahaitan: “Osasuneko errealitate birtual areagotua”, “Osasuna eta generoa”, “Telemedikuntza eta app-ak” edota “Araban Bio-heroiak sortzen”.

Ondoren, Ezagutzaren Azokan, gure probintziako biomedikuntzako ikertalde eta enpresak elkartu ziren, informazio zientifikoa eta interes komunak bilatzeko.

Topaketa herritarrekin: “Osasuna eta generoa”

Arratsaldean, Nerea Melgosa Vitoria-Gasteizko Udaleko Enplegu eta Garapen Ekonomiko Iraunkorrerako Departamentuko Zinegotzi ordezkariak sarrera-hitzaldia eskaini zuen Francisco de Vitoria Auditoriumean.

Topaketa honen testuinguruan, María Aguirre Osasun Saileko Osasun arloko Ikerkuntza eta Berrikuntzako Zuzendariak, eta María Ángeles García Fidalgo Bioarabako Zuzendari Zientifikoak,  “Ikerkuntza eta Berrikuntza Sariak” banatu zituzten. Guztira 8 sari banatu ziren, herritarren bizi-kalitatea eta osasuna hobetzeari begirako ikerkuntza eta berrikuntza lanak bultzatu eta zabaltzeko xedez. Aurten gainera, diru-kopurua handiagoa banatu da aipatutako sarietan.

Mahai-inguruan, genero-ikuspegiak osasungintzan duen txertatze mailaren inguruko iritziak partekatu zituzten gonbidatutako lau pertsonek.

Genero-berdintasuna bermatzen duen osasun-arreta bat eskaini ahal izateko, alderdi biologiko eta sozialak garrantzi handia dutela azpimarratu zuen Elena Aldasorok, Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzako Medikuntza Prebentiboan eta Osasun Publikoan espezialistak.

Bere aldetik, Maitena Monroy, Bilbao-Basurto ESIko Errehabilitazio Zerbitzuko fisioterapeuta eta sexu-indarkerian espezialista, “Gaixotzen gaituzten genero-ezinegonez” aritu zen, bere iritziz izan ere, hiru maila edo alderditan eragiten baitute genero ezberdintasunek: alderdi afektiboan, zainketan eta indarkerian.

Marta Quintana, Araba ESIko Ginekologia eta Obstretizian espezialista, hormonek emakumezkoen bizitzaren etapa guztietan duten eragin desberdinaz mintzatu zen.

Amaitzeko, genero eta maskulinitateetako ikertzaile espezialista Ritxar Bacetek sexismoak gizonezkoen osasunean duen inpaktua izan zuen hizpide. Ondoren, jorratutako gaiaren inguruan galdetzeko eta ekarpenak egiteko aukera izan zuten bertaratutako lagunek.