Ana González-Pintok, Arabako ESIako Psikiatria zerbitzuburuak, Ibilbide profesionalaren Obieta 2021 Saria jaso du
Sari banaketa urtarrilaren 11n izan zen, modu birtualean egindako ekitaldi batean
Urtarrilaren 11n, Espainiako Medikuntzako Errege Akademia Nazionalaren (RANME) 2021eko Sari banaketa egin zen, eta 12 aintzatespen eman ziren. Sari horiek modu birtualean banatu ziren COVID-19aren pandemiaren ondorioz.
Espainiako Medikuntzako Errege Akademia zuzenbide publikoko erakunde zientifiko bat da; 1861. urtean sortu zen, eta Espainiako Institutuaren barruan dago. Helburu du, besteak beste, Espainiako Gobernua eta gainerako erakundeak aholkatzea medikuntzarekin, osasunarekin eta osasungintzarekin lotutako gaietan; zientzia medikoa zabaltzen laguntzea eta hori sustatzea, urte liburuak argitaratzearen, saioak hedatzearen ta lan zientifikoei sariak ematearen bidez; bere funts bibliografikoak digitalizatzea, Liburutegi Birtualean; medikuntzako terminoen hiztegi bat egitea eta eguneratzea; eta Espainiako medikuntzaren museo bat bultzatu eta garatzea.
Oraingo honetan, RANMEk «Ibilbide profesionalaren Obieta 2021 Saria» eman dio Ana González-Pintori. Sari hau bere Fundazioaren bitartez urtero ematen duen sarietako bat da, Espainiako medikuntzako profesionalen lana, eta ibilbidea publikoki aitortzeko. RANME Sariek 23 sari biltzen dituzte, 8 kategoriatan banatzen direnak: RANME, Ibilbide Profesionala, Medikuntza Orokorreko Medikua, Irakaskuntza-ibilbidea, Komunikazioa, Ikerketa, Medikuntzako Lizentziatua eta Doktoregoa.
Ana González-Pintoren ibilbide profesionala
Ana González-Pinto Osakidetzako Arabako ESIako Psikiatria zerbitzuburua eta UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Arabako Irakaskuntza Unitateko dekanordea da. Bertan, Psikiatriako Katedra lortu zuen martxoaren 23an.
Gainera, Eusko Jaurlaritzaren Zientziako aholkularia izan da, eta, gaur egun, erakunde horretako Osasun Mentaleko Aholku Batzordeko idazkaria da; horretan, halaber, erkidego honetan jarrera suizida prebenitzeko estrategia egin zuen lantaldekoa izan zen. Gaur egun, Espainiako Psikiatria eta Osasun Mentaleko Fundazioko presidentea da, eta Espainiako Psikiatria Biologikoko Elkarteko presidentea izan zen.
Ana González-Pintok ikerketa ibilbide luzea du. Bioaraba Osasun Ikerketako Institutuan, Neurozientzien Arloko koordinatzailea da eta CIBERSAM-eko G 10 taldeko ikertzaile nagusia da. Gainera, ikerketa bikaintasuneko sare horretako nahasmendu bipolarreko arloa koordinatu du. Halaber, nahasmendu bipolarraren, lehen gertakari psikotikoen eta kalamuaren arloan egindako ikerketengatik nabarmendu da. Gaur egun, gaixotasun mentalaren prebentzioan dihardu eta prestakuntza ematen du eskoletan, Kronikgunetik zuzentzen duten Upright proiektuarekin. Era berean, 600 artikulu eta liburu asko idatzi ditu.
Ana González-Pintok psikiatra gisa lan egin du Arabako ESIan bere ibilbide profesionalaren zatirik handiena, nahiz eta hasiera batean Madrilgo Ramón y Cajal Ospitalean egin zuen psikiatriako BAME, eta, ondoren, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Durangoko Osasun Mentaleko zentroko arduradun gisa lan egin zuen.