Araba ESIk lanean jarraitzen du euskarazko kontsulta asistentzialak bermatzeko

Estrategia berriak jarri dira abian kontsulta desberdinetan, erabiltzaileei arreta elebiduna jasotzea bermatzeko

2019an, prestazio elebidunen mapa ezarri zen Pediatria Zerbitzuko Kardiologia eta Endokrinologiako kanpo-kontsultetan eta Zabalgana Osasun Zentroko Emakumeen Arretarako Zentroan, erabiltzaileei arreta elebiduna jasotzea bermatzeko. 2016az geroztik, arreta hori euskaraz ematen da Urologia Zerbitzuaren kontsulta pediatrikoetan, eta, gaur egun, prestazioen mapa hori Traumatologia Zerbitzuan ere ezartzeko lanean ari dira. Zerbitzu horretan, guztira, 7 profesional mediko elebidun daude.

Euskarazko asistentzia-kontsultak bermatze aldera, azterlan bat egin zen, eta, bertan, arreta elebiduna eskaintzen duten 34 espezialitate medikoko eta 22 erizaintza-unitateko osasun-profesionalak identifikatu ziren. Helburua da espezialitate edo unitate horietako bakoitzak prestazioen mapa elebiduna eskaintzea hala eskatzen duten paziente euskaldunei.

Araba ESIk gure erakundean dagoen euskararen ezagutza (langileen % 43,5) aktibatzearen alde egiten du, bai eta euskararen erabilera naturala sustatzearen eta sentsibilizatzearen alde ere, hizkuntza-normalizazioan aurrera egiteko.