Araba ESIko berrikuntzako proiektu batek irabazi du Bostoneko MIT aholkularitza programaren 15 sartzeetatik bat
“PET irudiaren bidez gidatutako biopsiaren gailua” izeneko proiektuak lortu du sartzea Harvardeko Medikuntzako Fakultatearen laguntzarekin, Massachusetts Institute of Technology (MIT) and Institute for Medical Engineering and Sciences (IMES) erakundearen IDEA2 GLOBAL berrikuntzako aholkularitza programan.
Berrikuntzako proiektuak azkartzeko programa horren irabazleak biomedikuntzako teknologiak garatzen dituzten mundu osoko 15 talde dira. Haietariko bat da Araba ESIko taldea, profesional hauek osatzen dutena: Mª Ángeles García Fidalgo (Fisika medikoko zerbitzuburua), Jesús Cortés Rodicio eta Gaspar Sánchez Merino (Erradiofisiko ondokoak) eta Ignacio Tobalina Larrea (Medikuntza Nuklearreko zerbitzuburua).
- Zer bultzatu zintuzten aurkeztera?
Berez, ez gara aurkeztu. Espainiako Osasuna Berritzeko Fundazioak aurretiko hautaketa egin zigun, uste baitzuten aurkezteko aukerak zituen proiektua zela. Haiek bazuten gure gailuaren dokumentazio guztia, 2016ko hasieran eman baitziguten diru-laguntza bat bideragarritasun teknologikoaren ikerketa, patenteari eta operazio askatasunari buruzko txosten bat egiteko. Gurekin harremanetan jarri ziren esateko MITek aukeratuak izateko posibilitate asko zegoela, eta, horretarako, baieztatu behar genuela parte hartu nahi genuela eta aurreikusitako aukeraketa-faseak gainditu.
- Nolakoa izan da prozesua?
Sartzeko eta hautatzeko hiru bide izan dira, aukeratutako 15 proiektuen bat izateko:
- FIPSEren bidez: FIPSEk aukeratutako 50 proiektuetatik 40k erabaki zuten hautaketa-prozesuarekin jarraitzea; fase horren ostean, MITekin batera, kopuru hori 20ra murriztu zen, eta, azkenik, elkarrizketa pertsonala egin eta gero, 6 aukeratu zituzten. Horien barruan gurea zegoen.
- OPEN CALL PROJECT-ren bidez: MIT deialdian parte hartzen zuten nazioarteko proiektuak, munduko leku guztietatik bidalita. Hor 15 talde hautatu eta 4 aukeratu zituzten.
- Hackaton medikoen bidez: laguntzeko saio labur eta intentsuak dira,non osasunarekin erlazionatutako profesional batzuek (mediku, fisiko, ingeniari eta abarrek) hartzen duten parte. Deialdi horretatik 5 talde atera ziren; haietariko 3 aukeratu zituzten aurtengo maiatzean, Bilbon, izandako Hackatonean.
- Zergatik uste duzu aukeratu zaituztela?
Alde batetik, uste dut baloratu dutela proposamena berez oso interesgarria dela. Garatu nahi dugun tresnak ekarriko dio pazientearen konfortari onura handi bat, ziztaden kopurua murrizten baitu, eta, beraz, interbentzioaren arriskua. Horretaz gain, profesionalei ekarriko lieke hobekuntza bat medikuaren ekintzan, ahalbidetzen baitie une horretan egin ezin dutena egitea: PETek soilik gidatutako kalitatezko biopsiak. Gainera, gailuaren erabilerak handituko luke TC irudiek gidatutako ohiko biopsien zehaztasuna.
Beste alde batetik, Idea2Global programaren liderra den MITeko ikertzaile espainiarrarekin, Mercedes Balcells, izandako lehen bileran nabarmendu da taldearen gaitasuna kontuan hartu izan dutela, programa eta bere potentziala aprobetxatu ahal izateko, eta horrela proiektua burutu ahal izateko.
Azkenik, uste dut programa garatzeko puntu egokian dagoen suerte izan dugula, programak bilatzen duenarekin egokitzen baita: oraindik ez dago egoera espekulatibo batean eta ez dago oso aurreratuegi; hau da, hasiberri eta heldu artean dauden proiektuak dira aukeratzen dituztenak.
- Zertan datza laguntza?
Izan ere, 6 hilabeteko programa bat da, proiektuaren garapena azkartzeko pentsatuta dagoena. Tarte horretan emango digute “berrikuntzaren inguruko trebakuntza intentsibo bat” eta aholkularitza bat, eta harremanetan jarriko gaituzte gure proiektua kokatzen den eremuko lehen mailako adituekin. Programa gehiena garatuko da aholkulariekin, bideokonferentziaren bidez. Gainera, bi saio aurrez aurrekoak izango dira MITen, Bostonen, proiektuaren inguruan lan egiteko. Lehena irailean izango da eta azkena datorren urteko urtarrilean. Aurreikusita dute azken saio horretan saria ematea programa ondoen aprobetxatu duten taldeei.
- Zeintzuk dira hurrengo urratsak?
Hurrengo urratsa da gure burua prestatzea irailean MITn izango den saiorako. Dagoeneko, ohartarazi digute bi egun intentsuak izango direla, non gure proiektuaren xehetasun guztiak aztertuko dituzten. Maila guztietan azaltzeko prest egon behar dugu. Adibidez, eskatu digute prest edukitzeko “Project elevator pitch”; hau da, azaltzea 30 segundotan zertan datzan proiektua, edonork ulertzeko moduan.
Lehen saioaren ostean, proiektuaren gaur egungo indarguneak eta akats nagusiak identifikatuta izango ditugu. Horiek horrela, lan egin beharko dugu lehenak indartzeko eta bigarrenak konpontzeko. Horretarako, Idea2Global programak baditu hainbat baliabide, gure iritziz, hobeto lagundu ahal diguten MITeko adituak jartzeko gure esku. Baliteke lanak une horretatik aurrera proiektua eramatea imajinatu ezin ditugun bideetatik. Horretaz ere ohartarazi gaituzte, “aldaketak emango dira zuen proiektuetan”. Horrek ere emozio puntu bat emango dio.
- Nola indartuko du programa horrek zuen proiektua?
Itxaropenak handiak dira, aukera apartekoa baita. Berrikuntzari dagokionez, munduko ospe handienetariko zentro batera sartzeko aukera izango dugu. Uste osoa dugu programa horretan parte hartzeak bide onean jarriko gaituela, gure asmoak bihurtzeko pazienteek onura aterako dioten produktu bat.
Programa horretan parte hartzearen ondorioa da loturak eta lan-harremanak ezartzea MITekin eta Harvardeko Medikuntzako Fakultatearekin, eta irautea 6 hilabete hauetan baino gehiagotan, eta etorkizunean berrikuntzako proiektuetan lankidetzarako balio izatea, bai Araba ESIri bai Osakidetza osoari onura ekarriko diotenak.