Araba ESIko Erizaintzako Zuzendaritza Osasun Kudeaketako Berrikuntzarako Bekarekin saritua
Proiektu irabazlea hau da: "Diseño y despliegue del Plan de Desarrollo del Liderazgo entre los profesionales gestionados por la Dirección de Enfermería de la Organización Sanitaria Integrada Araba"
Osasun Zuzendarien Espainiako Sozietatearen (SEDISA) eta SEDISAko Ikasle Zaharren Batzordearen (ALSEDISA) Osasun Kudeaketako Berrikuntzarako Bekak, Osasunerako Mylan Fundazioarekin lankidetzan, hainbat kudeaketa-arlotan aldaketaren lidergoa bultzatuko duten proiektuak sustatu nahi ditu.
Araba ESIko Erizaintzako Zuzendaritzak aurkeztutako "Diseño y despliegue del Plan de Desarrollo del Liderazgo entre los profesionales gestionados por la Dirección de Enfermería de la Organización Sanitaria Integrada Araba" proiektu irabazlea Erizaintzako Zuzendaritzak kudeatutako profesional guztiei zuzenduta dago: zuzenean 20 lider berri, 20 lider sortuberri, 105 lider formal, 200 profesional inplikatuta Zainketetako Bikaintasunarekin Konprometitutako Zentroen Programan (CEEC-BPSO) urtero eta 2.600 profesional inguru zeharka.
Nerea Gutiérrez, Araba ESIko Erizaintzako zuzendariak eta proiektuaren koordinatzaileak, nabarmendu duenez, "Erizaintzako Zuzendaritzak erakunde sanitario baten zuzendaritzarako kudeatzen dituen profesionalen lidergoa garatzeak arintasuna ematen du erakundearen kudeaketan, humanizazioa kudeaketan, indartu egiten du profesionalen autoestimua, haien sormena, demokratizatu egiten du erabakiak hartzea eta haien parte-hartzea areagotzen du". Halaber, kide izatearen sentimendua motibatzen eta laguntzen duela uste du: "epe oso luzerako proiektua izanik ere, aldaketa kultural garrantzitsua denez, zentro edo erakunde magnetikoak sortzen laguntzen duela uste dugu".
Kultura-aldaketa horrek onurak dakarzkie pazienteei eta osasun-erakundeari berari. "Profesional motibatuak, kide izatearen sentimendua dutenak eta erakundearen helburuekin konprometituta daudenak izateak kalitatezko arreta, erabiltzailearengan zentraltasuna eta arretaren eraginkortasuna hobetzen ditu", azaldu du Erizaintzako zuzendariak. Azken batean, erakundearentzako onurak ezin konta ahala dira: "lan-giroa hobetzen du, talentua galtzea saihesten du, laguntzaren kalitatea handitzen du, eraginkortasunaren eta biztanleriaren osasunaren emaitzak hobetzen ditu, eta abar".
Osasun Kudeaketako Berrikuntzarako bekaren helburua da erakunde sanitarioetan berrikuntza-emaitzak sustatzea, aldaketaren kudeaketa egokia eragozten duten errezeloen aurrean. Araba ESIren proiektua irabazle gisa hautatzerakoan, "epaimahaiak hainbat irizpide izan ditu kontuan, hala nola eskalagarritasuna, SEDISAk definitutako estrategiarekiko sinkronia, berrikuntza-maila eta kudeaketaren hobekuntzan espero den eragina, besteak beste", azaldu du Gloria Mª Torralbo ALSEDISAko presidenteak. Bestalde, Javier Anituarentzat, Osasunerako Mylan Fundazioko zuzendari, "gure fundazioaren konpromisoa ekimenak sustatzea da, hala nola beka hau, Osasun Sistema Nazionalak dituen erronka nagusiei aurre egiten lagunduko dutenak. Hala, osasun-kudeaketaren berrikuntza funtsezkoa da pazientearen osasun-emaitzak eta bizi-kalitatea hobetzeko, eta are gehiago paziente kronikoei aplikatzen bazaie, proiektu irabazlearen kasuan bezala ".
Emandako beka Erizain Open Space 2018 programan proposatutako eta jasotako ekintzak gauzatzeko izango da, Araba ESIko erizaintzako profesionalen lidergo-gaitasunak hobetzeko. Besteak beste:
- Bere ardurapeko unitateen gainbegiraleen eta ondokoen arteko bileren gutxieneko maiztasuna ezartzea, jarraipena eta ebaluazioa eginda.
- Erizaintzako agintariek beren taldearekin egin beharreko gutxieneko bileren maiztasuna ezartzea.
- Gainbegiraleei jakinaraztea beharrezkoa dela beren taldearekin ebaluatzea Erizaintzako Zuzendaritzak kudeaketa-akordioetarako proposatutako adierazleak.
- Erizaintzako agintarien gaitasunak ebaluatzeko eredua ezartzea.
- Ospitaleratze-unitateko gainbegiraleak eta Lehen Mailako Arretako erizaintzako arduradunak gainditzen dituzten gatazka ez-kudeagarrien bitartekaritzaren zirkuitua definitzea eta jakinaraztea.
- Araba ESIren jardunaldi bat ezartzea, unitateetan egindako lanak, proiektuak eta ikerketak partekatzeko.
Proiektuak hainbat ebaluazio-tresna ditu eragina eta emaitzak neurtzeko. Alde batetik, urtean bitan egingo litzatekeen lider formalen gaitasunen ebaluazioa, eta, beste aldetik, jardueraren, prozesuaren eta emaitzaren adierazle kuantitatiboagoak.