Araba ESIko esponja kirurgikoak zenbatzeko protokolo berria – AKI

Araba ESIko bloke kirurgikoko gainbegiraleek zuzentzen dute Osasun Sailaren Bottom-Up proiektu hau

Proiektu hau duela urte batzuk sortu zen Araba ESIko ebakuntza-gelako erizainengandik; izan ere, gertakari kaltegarriak saihesteko eta pazienteen segurtasuna areagotzeko kezka zuten, eta horretan hasi ziren lanean. Gaur egun, bloke kirurgikoko gainbegiraleek eta baliabide materialen ondokoak gidatzen dute proiektua.

Esponja kirurgikoak zenbatzeko protokolo berria Araba ESIko ebakuntza-geletan ezarri da, pazienteen segurtasuna areagotzeko neurri gisa. Horrela, urrats bat harago joan nahi da diziplina anitzeko abordatzea proposatuz, ebakuntza-gela batean lan egiten duten pertsona guztiak pazientearen segurtasunaren partaide baitira.

Araba ESIko esponja kirurgikoak zenbatzeko protokolo berriak kontaketa-prozedura estandarizatzen lagundu du. Horrela, ebaki kirurgiko bat egiten bada eta esponjak (gazak edo konpresak) erabiltzen badira, hamarren multiplotan zenbatu behar dira. Horretarako, hiru zenbaketa egingo dira: hasierako zenbaketa, itxiera-zenbaketa eta azken zenbaketa.

Interbentzioan zehar hornitutako esponjak hamar poltsiko dituzten zutabeetan jartzen dira. Poltsiko bakoitzean esponja bakarra sartzen da, hau da, zutabe bakoitzean 10 gaza edo 10 konpresa jartzen dira, gailu bakoitza material bereko hamar unitaterekin betetzen baita, inoiz ez nahastuta.

Garrantzitsuena da interbentzioan zehar hornitutako gaza eta konpresa guztiak (erabiliak eta ez erabiliak) poltsikoetan jarri direla ziurtatzea. Horrela, zenbaketa bisualki egiazta daiteke eta ziurtatu ezer ez dela falta.

Esponja kirurgikoak zenbatzeko protokoloa Osasun Sailaren Bottom-Up proiektu bat da. Bottom-Up proiektuak pazienteei ematen zaien laguntza hobetzeko esperientziak garatzeko sortu ziren, eta, gainera, Osakidetzako osasun-erakunde guztietan jardunbide egoki gisa aplikatu ahal izateko. Horregatik, proiektu berritzailea da gure eremuan.