Arabako ESIak Kerik Gabeko Erakunde Sanitarioen Euskal Sarearen zilarrezko akreditazioa jaso du

“Tabakorik gabeko etorkizunerantz” lelopean, “Tabako kerik gabeko Euskadiko III. Jardunaldia” egin zen azaroaren 28an Galdakao-Usansoloko Ospitalean

“Tabako-kerik gabeko Euskadi” programa OMEren MPOWER neurrien planaren barruan kokatzen da, tabakismoaren epidemia murrizteko. Bere helburua tabakoaren kearen eraginpean inor ez dagoen mundu bat da. Eragin sinergikoa duten politika integratuak planteatzen dira, Osasun Sailak eta Osakidetzak bultzatuta.

Jardunaldi horren helburua osasun arloko, osasun publikoko eta adikzioetako profesionalei, tokiko erakundeei, elkarte zientifikoei, elkargo profesionalei… zuzenduta zegoen, eta “Tabako-kerik gabeko Euskadi” proiektutik tabakoarekin lotutako esku-hartze ildo berriak zabaltzea izan zen.

Gainera, egiaztapen-diploma eman zitzaien 2018-19 ikasturtean ikuskatutako Euskal Sareko erakundeei, Osakidetzako Kerik Gabeko Erakunde Sanitarioen Euskal Sarean dauden jarduerak babestu eta ezagutarazteko.

Auditoretza 2019ko urtarrilaren 30ean eta 31n egin zen, eta aldi horretan hainbat ekimen jarri ziren abian gure erakundean, hala nola, tabakoa erretzeari uzteko tratamendua pilotatzea Kardiologia, Pneumologia, Kirurgia baskularra Zerbitzuetan eta Iktus Unitatean.

Arabako ESIk zilarrezko akreditazioa jaso zuen, honako hauek kontuan hartzen dituena: hezkuntza eta prestakuntza, tabakoaren mendekotasuna gainditzea, tabakoa saltzeko debekua, osasunaren sustapena, erkidegoan egindako jarduerak eta programaren ebaluazioa.

Bide batez, gogorarazi nahi dugu gure erakundea kerik gabeko gunea dela, eta jakinarazi nahi dugu laster jarriko dela abian Araba ESIko Kerik Gabeko Batzordeak egindako arau-hausteen prozedura.

Eskerrak eman nahi dizkiegu errekonozimendu hori posible egin duten pertsona guztiei, eta animatu nahi ditugu Araba ESIko profesional guztiak gure espazioak kerik gabe mantentzera eta erabiltzaileei zein profesionalei gogoraraztera debekatuta dagoela osasun-esparru guztietan erretzea.