Arabako Unibertsitate Ospitalea eta Bidasoa Ospitalea antibiotikoekiko erresistentziak murrizten saiatzeko tresna batekin ari dira probak egiten

Aplikazio horren bidez, ESI bakoitzean pazienteek izaten dituzten tratamenduen eraginkortasuna kontrolatzeko ardura duten ekipoen eguneroko lana errazten da

Euskadin, azken lau urteotan, lortu da antibiotikoen kontsumoa % 7 murriztea

Osasun Sailak eta Osakidetzak nabarmendu egiten dute antibiotikoen erabilera egokia modurik onena dela antimikrobianoekiko erresistentzia eteteko; mundu-mailako arazoa da hori. Euskadin lortu da azken lau urteotan % 7 murriztea antibiotikoen kontsumoa, eta, are garrantzitsuagoa dena, neurri eraginkorrak ezarri dira haien erabilera egokia bermatzeko eta eraginkortasuna gal dezaten saihesteko.

Antibiotikoak Zentzuz Erabiltzeko Europako Egunarekin bat, Osasun Sailak eta Osakidetzak nabarmendu nahi dute antibiotikoekiko erresistentzia lehentasunezko gaia dela. Europan kalkulatzen da antibiotikoekiko erresistentziek 2015ean 33.000 heriotza eragin zituztela; alegia, trafiko-istripuek halako 30. Infekzioen % 15, gutxi gorabehera, antibiotikoekiko erresistentea da.

Gaixotasun infekziosoen maneiuaren konplexutasuna eta antibiotikoekiko erresistentzia agertu izana kontuan hartuta, funtsezkoa da antibiotikoen erabilera optimizatzeko, osasun-arloko emaitzak hobetzeko eta antibiotikoen erabilerari lotutako kontrako ondorioak murrizteko programak garatzea. Hori horrela, 2020ko Osakidetzako Pazientearen Segurtasun Estrategiak beste lan-ildo bat jaso du, eta hark Antibiotikoen Erabilera Optimizatzeko Programen (AEOP) garapena aurreikusten du.

Programa horiek zabaltzeko, ESI bakoitzak dagoeneko diziplina anitzeko ekipoa du, eta, hura, gutxienez farmazialari batek, mikrobiologo batek eta asistentzia-profesional batek eratzen dute; pazienteen tratamenduen eguneroko segimendua egiteko arduraduna da. Haren helburua da antibiotikorik zuzenena bermatzea, eta, ospitaleratutako pazienteen kasuan, ospitaleko egonaldia murrizteko ahalegina egitea.

Aplikazio informatikoaren pilotutza

Gainera, AEOP taldeen eguneroko lana errazteko, Osakidetzako bi ospitale-zentro, Arabako Unibertsitate Ospitalea eta Bidasoa Ospitalea, pazientearen datuak, mikrobiologiako datuak eta tratamenduak ikusarazteko aplikazio informatikoaren pilotutzan parte hartzen ari dira, haiek egunero berrikusteko eta tratamendurik egokiena emateko. Alerten sistema baten bidez, aplikazio horrek –laster Osakidetzako ospitale guztietara zabaltzea aurreikusten da– aukera ematen du tratamenduak optimizatzeko eta, hala, antibiotikoen erabilera egokiari bide emateko.

Iaz, Euskadin, 15,8 milioi antibiotiko kontsumitu ziren; kopuru hori 2015ekoa baino txikiagoa da, orduan 17 milioi errezetatu baitziren. Osasun Sailak eta Osakidetzak honako hau gogorarazten dute:

  • Antibiotikoak bakterioak hiltzeko edo haien hazkuntza eteteko medikamentuak dira; beraz, ez dira eraginkorrak birus-infekzioetarako, besteak beste hozturetarako, griperako eta eztula eta eztarriko mina eragiten dituzten infekzio gehienetarako.
  • Langile medikoek edo dentistek baino ezin dute erabaki antibiotikoa behar den ala ez; ez dira norberak erabakita hartu behar.
  • Garrantzitsua da tratamendua behar baino lehen ez uztea, nahiz eta osasun-egoeran hobekuntza antzeman.
  • Antibiotikoak beharrizanik egon gabe edo gaizki hartzeak, dosia eta adierazten den denbora errespetatu gabe, banako osasun-arazoa eragin dezake, bai eta kolektiboa ere; izan ere, bakterioak erresistenteak egiten dira antibiotikoen aurrean eta eraginik gabe geratzen dira.
  • Antibiotikoa soberan geratuz gero, ez da etxean gorde behar; farmazia batera eraman behar da.