AUO-KO BOLUNTARIOAK LATINOAMERIKARA ITZULIKO DIRA LAN HUMANITARIOAK EGITERA

DOA elkartea (Denok Osasunaren Alde) Latinoamerikako zenbat herrialdetara doa aurten ere, lan humanitarioak egitera. Badira urte batzuk GKE hori osasun-programak garatzen hasi zela Bolivian eta Guatemalan, eta AUOko hogei langile inguruk dihardute horretan.

Zenbait profesional-talde joango dira Boliviara orain, oporraldian, kirurgia orokorreko, traumatologiako, ortopediako eta ginekologiako interbentzioak egitera. Horrez gain, emakumeentzako osoko kanpainak ere egingo dituzte. Guztira, 45 lagun dira, eta kirurgiaz gain, misio diagnostikoak, prestakuntzakoak eta heziketakoak egitea dute xede.

Guatemalan, 31 boluntario arituko dira hiru misio kirurgikotan eta misio odontologiko batean.

AUOko langile hauek joango dira Boliviara: Josean Romeo (kirurgialaria), Roberto Sánchez (anestesista), Imanol Vega (traumatologoa), Paquita García (ETE); eta erizain hauek: Izaskun Aizpurua, María del Pino, Edurne Martínez, Marisol Flores, Mari José Sánchez eta Rosa Fernández.

DOAk, lanean aritu den hamahiru urteotan, bi mila boluntario baino gehiago eraman ditu, eta haiek 18.000 lagun artatu dituzte. Hartara, hona hemen balantzearen zifra handiak: 6.000 interbentzio kirurgiko, beste hainbeste interbentzio odontologiko, eta 4.000 ekografia eta azterketa erradiologiko baino gehiago. Gainera, besteak beste, GKE horrek bi ikastetxe eraiki zituen Bolivian eta Guatemalan, bai eta bi ospitalizazio-pabiloi ere, ehun ohe baino gehiagokoak.

AUOko boluntarioek Boliviako Beni inguruan dihardute; herrialdeko alde txiroenetako bat da hura. Han, ospitaleak publikoak dira, baina pazienteek beharrezko osasun-materialak ordaindu behar dituzte. Horretarako, diru-bilketak antolatzen dira maiz. Lana zaila da berez, eta, gainera, oztopo administratiboek are zailago bihurtzen dute, arriskuan jartzen baitute DOA herrialdean egotea.

Txagorritxu AUOko erradiologia-teknikari Paquita García Lobato boluntario kartsua da, eta laster joango da bosgarrenez Amerikara, osasun-arreta eta prestakuntza ematera atsedenik gabe. Aitortzen du erraza dela misioen mendera erortzea, eta giza nahiz lanbide-mailan asko ematen diotela elkarri. Boliviako emakumeenganako joera du, ez baitute laguntzarik, eta askotan, haiek bakarrik egin behar dutelako aurrera 10-12 seme-alabarekin. Paquitaren ustez, horregatik guztiagatik jendea dute zain urterik urte.