HESTE-FLORAREN ZEREGINA DEPRESIOKO HANTURAREN JATORRIAN ETA ONDORIOETAN

Araba Unibertsitate Ospitaleko (AUO) Psikiatria Zerbitzua gaur egun egiten ari den azterlan batean, asalduak identifikatu nahi dira depresioa duten pazienteen odoleko hantura-mekanismoetan, eta jakin nahi da paziente horien heste-florako asalduek zer zeregin izan dezaketen horrelako prozesuetan.

Azterlanean, depresioa duten pazienteak, depresioa arindu zaien pazienteak eta subjektu osasuntsuak hartzen ari dira parte; hala, gorozki-lagina eta odol-lagina hartzen zaizkie.

Lanaren helburu nagusia da depresioaren markatzaile biologiko gisa erabil litezkeen mekanismo berriak eskuratzea, baita patologia hori prebenitzeko edo tratatzeko xede farmakologiko posibleak ere.

Gaur egun, ezaguna da hantura-erantzunaren hiperaktibitatea depresio-koadroen eta estres handiko edo jarraituko koadroen ezaugarria dela.

AUOko ikerketa-taldeak, herrialdeko zenbait talde klinikoren laguntzaz, hantura horren mekanismoen, garuneko ondorioen eta hanturaren jatorri posiblearen alderdi batzuk deskribatzen lagundu du azken urteotan. Azterlan honetan, gainera, beste ibilbide kimiko batzuei eta norbanako bakoitzaren heste-florak (eta bertako desorekek) izan dezakeen zereginari ere heldu zaie.

Izan ere, hantura-faktoreak handiagoak dira depresioa duten pazienteen odolean eta nerbio-sistema zentralean. Aurreko ikerketa-lanen arabera, litekeena da heste-florako eta -iragazkortasuneko asalduek zerikusia izatea depresioaren (eta beste gaixotasun mental batzuen) jatorriarekin eta ondorioekin.

Asaldu horien ostean, bakterioak edo bakterio-zatiak igaro daitezke odol-korrontera, eta hantura- nahiz oxidazio-erantzuna eragin dezakete; hura erraz transmiti daiteke nerbio-sistema zentralera, garunean min funtzionala eta egiturazkoa sortzen lagundu dezake, eta gainera, serotonina-eskasia eragiten du.