Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuaren aurkezpen ofiziala

Joan den ekainaren 21ean, Bioaraba-ren eta bere Zuzendari Zientifiko berria den Mª Ángeles García Fidalgoren aurkezpena ofiziala izan zen. Ekitaldian Araba ESIko profesionalak zein Osakidetzako beste erakunde batzuetako, hezkuntza-zentrotako eta osasunaren arloko hainbat enpresetako ordezkariak bertaratu ziren.

Bioaraba Osasun Ikerketa Institutua duela urtebete sortu zen, eta ikerkuntza biomedikoko eta osasun zientzietako zentroa da. Egoitza fisikoa Araba ESIn du (Arabako Unibertsitate Ospitalean), eta Osakidetza, UPV/EHU eta BIOEF Fundazioa ditu bultzatzaile, ikerketaren arloko entitate gisa lehenengo biak, eta I+D+Iren entitate kudeatzaile gisa hirugarrena. Mª Ángeles García Fidalgo Zuzendari Zientifiko berria izendatzearekin batera, institutuko egitura antolatzeari ekin zaio.

Bioarabak garatzen duen ikerkuntza biomedikoa, epidemiologikoa, osasun publikoaren arlokoa eta bai osasun-zerbitzuei lotutakoa da, eta bere azken helburua ikerkuntza horren bidez eskuratutako ezagutza zientifikoa medikuntza asistentzialean aplikatzea da. Horrez gain, lankidetza-akordio desberdinen bidez, ezagutza zientifikoa berrikuntza bihurtzen laguntzen du Bioarabak, osasuna eta komunitatea aberasteko erabil daitezkeen produktuak sortzeko.

Ekitaldia AUO Santiagoko areto nagusian izan zen, Bioarabako Laguntza Plataforma eta Ikerketa Arloetako profesionalen partaidetzaz. Ekitaldia hasteko Jesus Larrañagak, Araba ESIko Gerenteak, harrerako hitz batzuk aditzera eman zituen. Haiekin batera BIOEFeko (Berrikuntza eta Ikerketarako Sanitariorako Euskal Fundazioa) I+D+iko Kudeaketako Zuzendaria den Susana Belaustegi ere aritu zen. Belaustegik gaur egun jardunean diren Biodonostia, Biocruces-Bizkaia eta Kronikgune bezalako institutu desberdinen sarearen baitan kokatu zuen Bioaraba-ren sorrera.

Joaquín Duránek, Bioarabako Ikerketa Zerbitzuburuak, azken 40 urteetan zehar Arabako ikerketa sanitarioak egindako ibilbidea aztertu zuen. 1986an Ikerketa Batzordea eratu zen, eta 90eko hamarkadaren amaieran, erakundeen parte-hartzea handitu eta Arabako ikerkuntza hobetu zen. Ordutik hona, Araban nabarmen areagotu dira ikerkuntza, ekoizpen zientifikoa eta arloko argitalpenak.

Mª Ángeles García Fidalgo, Bioarabako Zuzendari Zientifikoak institutuko organigramaren inguruko zehetasunak azaldu zituen, eta Ikerkuntzari Laguntzeko Plataformak zein Ikerkuntza Batzordea aurkeztu zituen. Jarraian, institutuak ikertzaile eta profesional berritzaileei eskaini ahal dizkien ekarpenak eta laguntza desberdinen berri eman zuten aipatutako plataformetako arduradunek.

Naiara Parraza, Epidemiologo Klinikoak, bere aldetik, Metodologia eta Estatistika Unitatea aurkeztu zuen, eta langile ikertzaileentzako laguntza aukerak azaldu zituen, hala nola, doako formakuntza ikastaro desberdinak, edota “leiho bakarra” sistema, 72 ordutako epean proiektuak garatzen, argitalpenak sortzen edota diru-laguntzak eskatzen lagunduko dien tutore bat eskuratzen diena.

Carol Aristimuño, Araba ESIko Euskal Biobankuko Koordinatzaile teknikoak, nodo horren indarguneak azpimarratzeaz gain, profesional ikertzaileen eskura jarri zituen DNA, Tumore, Ehun Neurologiko eta Zelula-kultiboetako bankuetako lagin biologikoak zein EAEn bakarra den Garuneko Bankukoak ere.

Iñaki Zorrilla, Saiakuntza Klinikoetako Unitateko koordinatzaileak, unitatearen historia azaldu zuen 1997an sortu zenetik hasita, Txagorritxu Ospitalea zenaren, UPV/EHUko Teknologia Farmazeutikoko Sailaren eta LEIAren -gaur egungo Tecnalia- arteko hitzarmena sinatu zenetik alegia. Iñaki Zorrillak azpimarratu zuen Saiakuntza Klinikoetako Unitatea I. Fasetik IV. Fasera arteko azterlanak egiten dituen EAEko unitate bakarra dela, eta ohe kopuru handiena duten Estatuko unitateetako bat dela. Gainera, unitateak aukera ematen du, saiakuntza klinikoetarako pazienteak erreklutatzeko, era horretara profesional ikertzaileei lan hori aurrezten zaiela. Halaber, Araba ESIko zerbitzu kliniko desberdinetako pazienteen saiakuntzetarako oheak eskaintzen ditu.

Azkenik, Guiomar Pérez de Nanclaresek, Genetika Molekular eta Biologia Zelularreko Ikerketa laborategiko arduradunak, Laguntza Plataforma aurkeztu zuen. Plataformaren azpiegitura erakutsi ondoren, bere laborategiak genetika, epigenetika eta biologia zelularraren arloetan dituen aukerak goraipatu zituen.

Azpimarratzekoa da ere Daniel Gurbindo Araba ESIko Berrikuntza Batzordeko presidentearen parte-hartzea. Gurbindok batzordearen funtzioak azaldu zituen, ideia onak identifikatu eta bideratzea, euren autoretza babestea, edota talentua gorde eta bultzatzea besteak beste.

Ekitaldiari amaiera emateko, Mª Ángeles García Institutuko Zuzendari Zientifikoa, institutuaren etorkizunari begirako garapenaz aritu zen, zehazki Bioarabaren entitate juridiko propio baten sorreraz, barne-araudiaren garapenaz, eta Batzorde Betearazlea eraketaz. Halaber, 2019-2023 urteetarako Plan Estrategikoa berrituko dela aipatu zuen. Bere garapena parte-hartzailea izango da, eta bere helburuak ikerketa, berrikuntza, eta emaitzak jardute klinikoan aplikatzea izango dira.

Gaur egun, 214tik gora ikerketa-proiektu, 51 doktorego-tesi aktibo, jauzi komertziala egin duten hainbat berrikuntza proiektu eta bai nazioarte mailan atentzioa deitu duten beste batzuk ere garatzen ari dira Bioaraban. Horrez gain, Mª Ángeles Garcíaren esanetan, Bioarabak “ikerketa eta berrikuntza sustatu nahi ditu Lehen Mailako Arretan, eta bai erizaintzaren parte-hartzea ere Lehen Mailako Arretan zein Ospitalekoan”.

Bioarabak “profesionalen trebetasunak eta talentua aprobetxatuta, batetik diziplina anitzeko proiektuetako barne-aliantzak sustatu nahi ditu, eta bestetik, kanpo-eragile publiko eta pribatuekin itunak sorrarazi, enpresekin, zentro teknologikoekin, hezkuntza-erakundeekin, pazienteen elkarteekin, toki-erakundeekin eta abarrekin…”

Mª Ángeles Garcíaren hitzetan, “institutuen erantzukizuna da lortutako emaitzak profesionalen zein herritarren artean zabaltzea jardunaldi, hitzaldi edota hedabideen bitartez, era horretara, herritarren osasunarekiko interesa pizteko”. Adibide gisa 2018ko urriaren 25ean ospatutako Bioarabaren Ikerketa eta Berrikuntzako XIX. Jardunaldia aipatu zuen, herritarrek eurek aukeratutako “Osasuna eta Generoa” lemapean garatu zena.

Institutuko Zuzendari Zientifikoaren arabera, ondoko hau da Bioarabaren azken xedea: gizarteari aberastasun era desberdinak itzultzea, osasun-sistema iraunkorrago bihurtuta, Biozientzia-Osasuna arloko industria-sarearekin lankidetza sustatuta, eta batez ere, ikerketa eta berrikuntza herritarrei helarazita, beti ere gizartearen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko asmoz”.