Esther Corral Araba ESIko mediku intentsibistak ALCER Giltzurrunetako Fundazioren aitortza jaso du

«Ospitale txiki batean gauza handiak egin daitezke»

ALCER Giltzurrunetako Fundazioak transplanteen arloko saria eman dio Esther Corral Araba ESIko mediku intentsibistari, asistolian dauden organoak ematea bultzatzeko egindako lanagatik.

ALCER Giltzurrunetako Fundazioak 2006an sortu zituen sariok, ALCER (Giltzurrunetako Gaixotasunen Kontra Borrokatzeko Elkartea) sortu zeneko 30. urteurrenean. ALCER 1976an sortutako irabazi asmorik gabeko erakunde bat da. Sari-emate ekitaldia joan den urriaren 29an egin zen Madrilen, Giltzurrunetako Gaixotasunak dituzten Pertsonei buruzko XXIX. Jardunaldi Nazionalen barruan.

2010. urtean, orduko Santiago Ospitaleko Medikuntza Intentsiboko Zerbitzuan, asistolia kontrolatuan zegoen organo baten Estatuko lehendabiziko dohaintza egin zen. Programa aitzindari hori martxan jartzeari eta hedatzeari esker, 2016an asistolia kontrolatuan zeuden organoen 500 dohaintza baino gehiago egin ziren Espainian; horrek esan nahi du organo-emaile kopurua % 20 handitu zela.

Fundazioaren Patronatuak lan hori esanguratsutzat jo zuen, organo-emate mota horrek duen garrantzi gero eta handiagoagatik, onuradunak giltzurrunetako arazoak dituzten pazienteak izanik, besteak beste.

Saria jasotzean emandako hitzaldian, Corral doktoreak saria Arabako Unibertsitate Ospitaleko Medikuntza Intentsiboko lantalde osoaren ahaleginaren fruitua zela nabarmendu zuen. Era berean, osasun-langileei ilusioa transmititzen saiatu zen, honakoa adieraziz: «Ospitale txiki batean gauza handiak egin daitezke».