Gaur hasiko da jardunean Araba ESI-ko Eguneko kirurgia ospitalea

Ia 1,5 milioi euroko inbertsioa egin da eguneko ospitale berrian. Santiago Ospitalearen eraikinean dago, orain arteko arreta-eremua bikoiztea ekarriko du eta ekipamendu modernoarekin hornitu dute.

Eguneko kirurgia-ospitale berria, Santiago Ospitalearen A pabilioiko bigarren solairuan kokatua, gaur hasi da jardunean, eta eguneko ospitale zaharraren ahalmena bikoiztuko du. Hala, Arabako Unibertsitate Ospitalearen plan gidariaren baitan 1.490.000 euroko inbertsioa egin denez, arreta hobea jasoko dute paziente arabarrek.

Izan ere, arreta-gune berriak besaulki-ohatila balioanitzak dituzten 30 box ditu eta bi bloketan banatuta dago, batean 18 box eta bestean 12 hartuz. Blokeen albo banatan bina isolamendu-gela ipini dira, 4 orotara. Espazio argi eta irekia da, pazientearen erosotasunaren arabera zehaztu dena, eta box bakoitza modu indibidualean girotu eta argiztatu daitekeena, intimitatea bermatuz.

Gainera, prozedura-areto bat du, kirurgia txikiak eta konplexutasun txikiko prozedura mediko-kirurgikoak egiteko behar den ekipamendua duena.

Harrera-eremuan 46 pertsonentzako lekua duen itxaron-gela bat dago eta bi arreta-postu –horietako bat, egokitua– dituen mostradore bat.

Laguntza-eremuei dagokienez, eguneko kirurgia-ospitaleak biltegi adimentsu bat du, izakinak automatikoki kontrolatzen dituena irrati-maiztasuneko sistema baten bitartez. Halaber, bulegoak, bilera-gela bat, pazienteen eta langileen aldagelak eta ebakuntza egingo dieten pazienteak prestatzeko areto bat ditu.

Eguneko kirurgia-ospitalearen eginkizun nagusia da pazienteak kirurgia-prozedura baino lehenago prestatzea, baita kirurgia-blokean ebakuntza egindako pazienteen zainketaz eta errekuperazioaz arduratzea ere, kirurgia-anbulatorio handiko zirkuitua jarraikiz.