Intsulina gutxiago Dieta Mediterraneoari esker

Araba ESIko kardiologoek, CIBEROBNko ikertzaileekin batera, dieta mediterraneoa, oliba-olio birjina ugarikoa, diabetikoengan medikazio-beharra epe luzera gutxitzeko gauza dela aurkitu dute

Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroak (CIBER), Obesitatearen eta Nutrizioaren Fisiopatologiako gai-arloan (CIBEROBN), bikaintasun zientifiko egiaztatuko 33 lantalde nazionalez osatutako partzuergoa da. Obesitatearen, nutrizioaren eta ariketa fisikoaren azterketan oinarritzen du ikerketa-lana, praktika kliniko, elikagaien industria eta gizarte osorako ezagutza baliagarria sortzearren.

Erakunde horrek honako gai hauek ere jorratzen ditu, gainera: dieta mediterraneoaren onurak, nahasmendu metabolikoen prebentzioa, haur eta gazteen obesitatea, eta obesitatearen eta minbiziaren arteko harremana.

Diabetesa epidemia izatera iritsi da gaur egun, eta 450 milioi laguni eragiten die mundu osoan. Osasun publikoko arazo larriena jada.

Estatuan, 10 heldutatik batek du 2 motako diabetesa. Nafarroako Unibertsitateko CIBEROBNko ikertzaileek jakinarazi dutenez, oliba-olio birjina estra ugariko dieta mediterraneoak % 22ra arte ere gutxitu ahalko luke, epe luzera, paziente diabetikoen medikazio-beharra. Aurrerapena Diabetes Care aldizkarian argitaratu berri dute, PREMIDED (Prebentzioa Dieta Meditarreneoarekin) azterketaren barruan.

Neurri handiko saiakuntza kliniko baten ondorio dira emaitzak. Azterketa horretan diabetesa duten 3.230 lagun baloratu zituzten 3,2 urtean, zeinei, ausaz, hiru dieta esleitu zitzaizkien: dieta mediterraneoa oliba-olio birjinarekin; dieta mediterraneoa gehi fruitu lehor mistoak, eta koipe gutxiko dieta (kontrol-taldea).

Egiaztatu zutenez, oliba-olio birjina estraz aberastutako dieta mediterraneoa ezarrita zutenek medikazio antidiabetikoa hasteko beharra % 22 gutxitu zuten kontrol-taldearekin alderatuta.

Fernando Arós azterketaren egile seniorrak honako hau adierazi du: «dieta mediterraneoaren eta oliba-olio birjina estraren patroiarekin medikazio-behar txikiagoa izateak (ahotik zein injektatuta) dieta horrekin PREDIMED azterketaren jarraipen luzean lortu zen gluzemia-kontrol hobea islatzen du ziur aski», eta hori berresten du azterketaren lehen egileak, Nafarroako Osasun Zerbitzuko Javier Basterra-Gortarik, Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko ikertzaile elkartua denak, zeinak hau gehitu duen: «eragin onuragarria PREDIMEDEn erabilitako eredu dietetikoaren osaera orokorrean lortutako aldaketaren ondorio izango da ziur aski. Ezin da azaldu kaloria gutxiago kontsumitzeagatik, jarduera fisiko gehiago egiteagatik edo pisua galtzeagatik, horrelako alderdiak ez baitziren sartu PREDIMED saiakuntzaren barruan eta horri dagokionez ez baitzen alderik egon hiru taldeen artean».