"Kerik Gabeko Gazteak" sariak

Gasteizko Carmelitas Sagrado Corazón ikastetxeko DBHko 2. mailako ikasgelak irabazi zuen Arabako lurraldean

Maiatzaren 31n, Tabakorik Gabeko Mundu Egunarekin batera, hiru lurraldeetan banatu ziren "Kerik Gabeko Gazteak" argazki-lehiaketa irabazi zuten ikasgelentzako sariak. Lehiaketa hori Osasun Sailak eta Osakidetzak garatu zuten, tabakismoa prebenitzeko programa honetan parte hartu izana aitortzeko.

Aurten, "Tabakorik gabe gehiago gozatzen dugu" lelopean, lehiaketa bat egin zen Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleentzat. Bertan, ikasgela bakoitzak argazki-lanak sortu behar zituen, bizi-ohitura osasungarriekin eta ez erretzearen abantailekin lotutako alderdiak barne hartuta.

Araban, Gasteizko Carmelitas Sagrado Corazón ikastetxeko DBHko 2. mailako ikasgela izan zen irabazlea, eta Jose María Pérez, Arabako ESIko zuzendari kudeatzaileak, eman zion saria, Salburuako Gizarte Etxeko ekitaldi-aretoan. Ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoko, Gasteizko udaleko eta Osakidetzako teknikariak ere izan ziren.

"Kerik Gabeko Gazteak" programak urteak daramatza euskal eskoletan lanean, tabakoa kontsumitzen hasteko adina atzeratzeko, ohitura uzteko, tabakismoa desnormalizatzeko eta tabakorik gabeko bizitzarekin lotutako sormen-jarduerak sustatzeko. Horretarako, ikasturtean zehar, tabakoaren osaera, tabako-industriaren estrategiak, zigarro-hondakinen ingurumen-inpaktua eta ez erretzearen abantailak bezalako alderdiak jorratzen dituzten ekimenak eta materialak lantzen dira.